Diogun moduan, zirkuitua ez zen Berlinen, eta bai Urkuluko urtegian. Eta, Makauk errekorra korrika eginez ezarri bazuen, Saizarrek bizikletaren laguntza izan zuen –mendikoa, abantaila gehiago ez izateko. Norbaitek esango du ez dela gauza bera, noski, baina gurako genuke Makau Saizarren gorpuzkera sendoaz bizikletan ikusi.
Koadrila arteko apustu hau Maritxu Kajoi egunean sortu zen, bazkalostean –non bestela– eta hitzordua ondo prestatzeko nahikoa denbora izan badu ere, protagonista hilabete hauetan ez da larregi larritu.
Konfiantzaz, bizikleta gainean duen gaitasunaz jabetuta, 2012 urtea hastearekin batera Saizarrek –Berasaluzek lagunduta– itzuli gutxi batzuk egin zituen Urkulun, erreferentziak hartzeko. 42 kilometro egin behar zituen, Urkuluko urtegiari sei itzuli eta beste bi kilometro, eta diogun moduan, zapatu goizean haren aldekoen eta kontrarioen babesean birrindu egin zuen errekorra (1.46:19).
Lehenengoa, lasai
Hitzordua hasi aurretik kontrako apustua egin zutenak mesfidati ziren, Aramaiokoak saio berdina lehenago egina izango zuen susmoa zuten, eta erreferentziak ondo hartuta. Hau da, egun batzuk lehenago ahalegina egina zuela, eta orduan egindakoa sekretupean gordeta.
Apostua antolatu zutenek erreferentziak ondo hartuta zituzten, baina harrituta geratu ziren protagonistak erakutsitako sasoiaz.
Itzuli bakoitza 20 minututik behera egin behar zituen; lasai egin zuen lehenengoa, baina bigarrenean garbi utzi zituen gauzak –16 minutu pasatxoan egin zuen. Apustua kontran egin zutenak Saizarren beherakada baten zain ziren, baina ez zen halakorik egon. Lagun talde baten ondoan egin zituen itzuli guztiak, eta buelta bakoitzean aldea handitu baino ez zuen egin, lasai bukatzeraino.