Atez atekoaren jaia egingo dute gaur Usurbilen

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 18a

Egubakoitzean, martxoaren 16an, hiru urte bete ziren Usurbilen atez ateko hiri hondakinen gaikako bilketa egiten hasi zirenetik. Usurbilen ostean, Hernanik, Oiartzunek eta Antzuolak segitu zioten sistemaren ezarpenarekin. Urteurren hori ospatzeko jaia antolatu dute Usurbilen gaur, domeka. Han izango dira debagoiendarrak ere.

"Sistema bideragarri eta arrakastatsua" dela erakutsi dute herri horietan, bultzagileen ustez, Gipuzkoako Zero zabor plataformakoen ustez. Eta, hori hala, orain, jauzi kuantitatibo garrantzitsua ematea erabaki dute Gipuzkoako 34 udalek. Hain justu ere Gipuzkoako 34 udal batu nahi dira-eta atez atekora 2013an, horien artean, Debagoieneko bost herri nagusietakoak.

273.400 gipuzkoar, atez ate

Esandako moduan, 2013tik aurrera, Gipuzkoak dituen 700.000 biztanleetatik 273.400ri hondakinak atez ate bilduko zaizkie. Horrek, Gipuzkoan batzen diren hondakin kopuruetan eragin nabarmena izango du. "Hondakin mordoa baliabide bihurtuko dugu eta zabor kopurua izugarri gutxitzea ekarriko du" diote Gipuzkoa Zero Zaborrekoek. "Errausketa bezalako tratamendu finalistetan oinarritutako kudeaketa kinka larrian jarriko du, eta ondorioz, zero zabor norabidean sakontzeko egoera ezin hobea sortuko da".

Usurbilen duela hiru urte atez atekoa ezarri zutela ospatzeko gaur, domeka, jai berezia antolatuko dute Usurbilen bertan. Ongi etorri atez atekoarekin zero zabor bidera leloari jarraituz egingo dute jaia.

Gaurko ekitaldian batuko dira:

  • Gaur egun, atez ateko bilketan ari diren herritarrak: usurbildarrak, hernaniarrak, oiartzuarrak eta antzuolarrak.
  • Atez ateko bilketara gehituko diren 34 herrietako herritarrak.
  • Gipuzkoako Zero zabor taldeak.
  • Atez atekoa martxan jartzearen alde dauden Gipuzkoako herritarrak.

Ekitaldian Usurbilgo herritarrek eta 34 herri horien izenean beste herritar batek hartuko dute hitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak