Herri ekimeneko euskal hedabideek sektorearen diagnostiko eta erronka komunak aurkeztu dituzte

Goiatz Arana Begiristain 2012ko martxoaren 13a

Negozio eredua, lan baldintzak, kalitatea, lehiakortasuna, ikerketa eta elkarlana izango dira etorkizuneko gakoak. Diagnostikoa abiapuntu moduan hartuta, erakundeei hausnarketa mahai bateratua osatzeko deia egin diete. 46 herri hedabide, horien artean Goiena komunikazio taldea, batu dira agerraldira eta ehundik gora dira bat egin dutenak eskariekin.

2011n elkarrekin hasitako bideari jarraiki, herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek agerraldi bateratua egin dute gaur –martitzena– Andoainen, sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkezteko. Xabier Letonak, Joanmari Larrartek eta Jasone Mendizabalek esku hartu dute, Argia, Berria eta Topagunearen izenean, hurrenez hurren.

Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa dutela gogorarazi nahi izan dute, bai euskararen garapenean duten zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik.

Azken 25 urteetan, urrats handia eman da euskararen ezagutzaren eremuan; erabileran, aldiz, zailtasun handiak daude. Eta horren harira adierazi dute gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo direla urratsak hedabide sare indartsurik ezean: "Azken finean, hiztun komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko beharra, eta euskal hedabideak giltzarri den zeregin horren muinean daude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez".

Datu ekonomikoak

Sektorearen pisu sozial eta kulturalarekin batera, ekonomikoa ere ekarri dute gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana iristen da eta, horretarako, 600 langile baino gehiago ari dira lanean ehun hedabide baino gehiagotan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute urtean, eta 7 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dute diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, euren jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartu dadin eskatu du sektoreak.

Azaldu dute ezagun dela informazio eta komunikazio teknologien hedapenak zer nolako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori areagotu besterik ez duela egin. Eta ildo horretan, azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak ekarri dituzte gogora: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan-Erran Irratia, Nabarra... Edozein kasutan, azpimarratu dute euskal hedabideek inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto ari zaizkiola aurre egiten krisiari.

Aurrera begirako erronka nagusiak

Testuinguru horretan, etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa egin dute euskal hedabideek elkarrekin –Guipuzkoa Berritzen-Innobasqueren laguntzarekin–. Elkarlan horren emaitza hedabideek gaur sinatu duten dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu.

Erronka horiek honela laburbildu litezke:

  • Negozio eredua eta lan baldintzak: Hedabideek inbertsio handiak egin behar dituzte, teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko eta bertan diharduten langileen lan baldintzak hobetze aldera.
  • Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna: Atzean ez geratzeko eta bezeroei merezi duten zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideek ekoizten dituzten produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar dituzte.
  • Hausnarketa eta ikerketa: Euskarazko hedabideak zer diren, zein helburu bete behar dituzten, nolakoak diren eta izan behar duten… Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dute.
  • Elkarlana: Sektoreko kideek onartzen dute elkarren lehiakide direla hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezaketela uste dute guztien onurarako; koopetibitatea landu behar dutela, alegia.
  • Erakundeen laguntza politika: Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dute. Beharrezko jotzen dute erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea.

Laburbilduz, herri ekimeneko euskal hedabideen ustez garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideen artean, erakunde publikoekin eta jendartearekin.

"Bide luze baten hasiera"

Hala, gaur aurkeztutako lana bide baten amaiera baino, bide luze baten hasiera dela azpimarratu dute: "Dokumentua sinatzearekin, herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu nahi duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria".

Bukatzeko, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera gogoeta egiteko nahia azaldu dute, sektorea eguneratzeko helburuarekin. Horregatik, sinatutako dokumentua hartarako prestutasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dute, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin diete erakundeei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak