1. Hiru urte errektore. Zer da kargutik gutxien gustatzen zaizuna?
Ezaguna izatea; toki baten sartu eta jendea zuri begira egotea, zehazki nor zaren jakin ez arren. Hori kenduta, errektore izatea ohorea da; gustura nago egindako lanarekin eta horrek dakarrenarekin.
2. Posible da gizarte sendo bat unibertsitate publiko sendo barik?
Ez dago etorkizunik unibertsitate barik. Askotan esan izan dut: unibertsitatea nola, herria hala. Uste dut denok dakigula unibertsitatean egindakoa dela etorkizunaren giltza.
3. Aurten 12 milioi euro gutxiago. Nondik hasi mozten?
Asko dira, baina dugun aurrekontuarekin badugu lanean jarraitzeko aukera. Lehentasunak markatu behar dira; guk apustu garbia egiten dugu formazio eta ikerketaren alde, hortik dator-eta krisitik irteteko modua.
4. Unibertsitateak protestarako leku bihurtu dira azkenaldian. Hemen gertatuko da halakorik?
Unibertsitatearen izaeran bertan dago protesta egitea. Toki guztietan gertatzen da eta hemen ere gertatzeko aukera dago. Protestak egokiak eta modu normalean egindakoak direnean, oso ondo ikusten ditut.
5. Gazteen egoera dagoen moduan, zertarako ikasi karrera bat?
Goi mailako ikasketadunak errazago aurkitzen du lana. Formazioa ere hor dago: garatzen den zentzu kritikoa, ekintzailetasuna...
6. Gertutik ezagutzen dituzu AEBetako unibertsitateak. Zer falta zaie hemengoei hangoen pare egoteko?
Ikerketan edo ikasleko gastuan urrun gaude. Beste bi faktore daude: han unibertsitateek duten tradizioa eta malgutasuna. Ez dugu malgutasunik kontrataziorako, kudeaketarako...
7. Zure garaian bazen Erasmusik?
Ez, baina joan nintzen, Standfordera (Kalifornia); esperientzia oso polita izan zen. Animatu ez, jendea derrigortu egingo nuke. Garrantzitsua da buruak zabaltzeko; unibertsitatearen beste formazio bat da.
8. Nortasun agiriak 52 dio, baina 18 urte dituzula ere irakurri dugu.
Linfoma bat nuelako 94ko urtarrilaren 11an kimioterapiarekin hasi nintzen; bigarren jaioteguna bezala dut markatuta. Gaixotasun traidorea da minbizia, jende asko dago borrokan eta gainditu daitekeela esateko idatzi nuen horri buruz.
9. Ingeniaria, errektorea, irakaslea, ikertzailea... eta dantzaria.
Alderantziz esango nuke: dantzaria eta gero beste guztia. Bost urterekin hasi eta gorputzak iraun bitartean jarraituko dut. Euskal Herria dantzen bidez ezagutu dut; ariketa oso polita da, baita komunikaziorako beste hizkuntza bat ere.
10. Bigarren abizena Ordorika duzu. Oñatikoaren loturarik?
Lehengusuak gara. Ez da horregatik, baina asko gustatzen zait bere musika; koreografietarako ere erabili dut.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Burura beti krisia etortzen zaigu, baina nik ez dut uste makiltxoarekin konpon daitekeenik. Nik makiltxo magikoa barruko sentimenduak konpontzeko erabiliko nuke, barruan dauden sentimendu horiek errealitatean posible bihurtzeko".