Horretarako mota guztietako enpresak bisitatuko dituzte. "Ez bakarrik eurengandik ikasteko, eurekin batera zerbait garatu ahal izateko ere", azaltzen digute Josu Oleaga, Ihabar Arriaran eta Aitor Otxoa ekintzaileek, taldearen izenean.
Txina izaten dabilen aldaketak erakarri ditu ekintzaile gazte horiek: "Orain arte Txina produkzio herrialde bat izan da, baina gauzak aldatzen ari dira. Egitetik sortzera pasa dira, hau da, merkatu erraldoi honetan aldaketa ekar dezaketen ideia fabrika ere bilakatzen ari da gutxinaka-gutxinaka", esaten dute gazte debagoiendarrek. Horren "erakusle argiena", euren esanetan, han lan egiten duten lekua da: Tongi Unibertsitatean dagoen Aalto Design Factory. Han, hainbat motako ikasketak egiten dabiltzan gazteak elkartzen dira proiektu berritzaileak aurrera ateratzeko.
Mondragoneko langileekin
Txinako ia bi hilabeteak Shangain pasako dituzte, eta inguruko zenbait hirira –Wuxi, Kunshan (Mondragon Korporazioaren industrialdea dagoen tokia) edo Jiangsu– ere joango diren "esperientzia aberasteko", euren hitzetan.
Otsail bukaeran, ailegatu eta segituan, Kunshanera lehenengo bisita bat egin zuten, Fagor Arrasate, Batz, Oiarso OMK eta Orbea enpresak bisitatzeko. "Horrez gain, bertako langile euskaldun gehienekin bazkaltzeko aukera izan genuen, esperientziak elkarbanatu eta elkar ezagutzeko erabili genuena. Guretako bakoitzak bertako langile batekin egun oso bat pasatzeko ideia daukagu profil desberdinak elkar ezagutu eta lan egiteko", azaltzen dute Josu, Ihabar eta Aitorrek.
Ia dena, euren poltsikotik
Ekintzaile gazte horiek euren poltsikotik ordaindu dute bidaia, neurri handi batean: Unibertsitateak Bilbo-Shanghai eta Bombay-Bilbo hegaldiak ordaintzen dizkie, eta beste guztia –janaria, lo egiteko tokia, Txinatik Indiarako hegaldia...– eurek ordaintzen dute. Gastu horiek kubritzeko, urtean barrena garatu dituzten hainbat proiekturekin irabazitakoa erabiltzen dute.
Hizkuntza ikasten
Txinozko eskolak ere badituzte, egunean bi ordu. Azken urte eta erdian eskolak jaso zituzten, baina hara ailegatzean "ezer ikasi ez" zutela konturatu ziren: "Hasieran ez ginen gai hemengo biztanleei hitz bakar bat ulertarazteko; entonazioak sekulako garrantzia du. Orain, jantoki batzuetan eskatzeko gai bagara, beraz, bueltatu orduko maila polita edukitzea espero dugu", kontatzen dute.