Mikroenpresak (10 langile baino gutxiago dituzten enpresak) Gipuzkoako establezimenduen %90 baino gehiago dira eta ia enpleguaren %40a. Hala ere, "Informazioaren Gizartean oso kopuru murritzean daude sartuta eta dituzten baliabideen erabilera ere oso sinplea da", Foru Aldundiak detektatu duenez. Gainera, mikroenpresak "promozio neurri publikoetan ahaztuak" daudela ere ikusten du.
Horregatik, Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuko Informazioaren Gizarterako Sistemen
Zuzendaritzak Gipuzkoako Jarduera Ekonomikoa sustatzeko programa – Berrikuntza Digitala: Mikroenpresak izeneko programa egin du.
Enpresek Internetekin lehen harremana izatea bultzatzea da helburua, enpresaren webgunea sortzetik eta enpresa Sare Sozialetan kokatzetik abiatuta.
400 proiektu inguru lagundu ditzakeen programa da eta iazkoak baino diru-laguntza handiagoak daude aurreikusita. Programaren orain arteko edizioetan proiektuen kostuen %35 ematen bazen, 2012an Aldundiak kostuen %40 hartuko du bere gain (%45, emakumezko enpresarien kasuan).
Berrikuntza gisa, programaren helburuak webguneak sortzea eta enpresa sare sozialetan sartzea izango dira. Hainbat kasutan, web funtzionalitateak berrituko dira edo gauza berriak jarri ere. Hala nola, baliabide horiek dispositibo mugikorretan erabili ahal izateko ahalbidetuko dira.
Diru laguntza nahi duten proiektuek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
- Edukien kudeatzaile bat izan behar dute, enpresak erabiltzeko malgua izango dena eta enpresari edukiak gehitzeko zein atalak sortzeko nahiz eraldatzeko askatasuna emango diona.
- Oinarrizko formakuntza sartu beharko da enpresak webgunea gaurkotu eta mantendu dezan.
- Erabilgarritasun eta irisgarritasun irizpideak kontuan izatea.
- Webeko trafikoaren analisi sistema bat izan behar dute.
- Euskaraz eta gaztelaniaz egon behar dute, gutxienez.
Eskaera egiteko epea zabalik egongo da apirilaren 26a arte eta informazioa Aldundiko diru laguntzen atarian dago eskuragarri, www.gipuzkoa.net/subvenciones helbidean.