Olatz Odriozola eta Diego Latasa onenak Aramaion, Euskadiko Openeko lehenengo proban

Julen Iriondo 2012ko martxoaren 11

136 txirrindularik hartu zuten parte lasterketan. Ainhoa Eraña (nesketan) eta Jon Ander Kortabarria (jubeniletan) arrasatearrak hirugarren izan ziren, eta Roberto Zugasti oñatiarra (master 40an) bigarren.

Elite eta 23 urtez azpikoen lasterketan, indarrak parean joan ziren Patxi Cia eta Diego Latasa nafarrak hirugarren itzulira arte. Ciak, baina, arazo fisikoak izan zituen eta lasterketa utzi behar izan zuen; estutasun handirik barik irabazi zuen Latasa zangotzarrak.

Emakumezkoetan, berriz, kontrariorik ez zuen izan Olatz Odriozola urnietarrak. Hasi bezain laster utzi zituen atzean bere kontrarioak, tartean Ainhoa Eraña arrasatearra. Bigarren posturako lehian, Estibalitz Gartziak lehen itzulian hartu zion aurre Erañari, eta hirugarren postuari eustearekin –arazo barik– konformatu behar izan zuen honek.

Junior mailan ere hirugarren amaitu zuen beste arrasatear batek, Jon Ander Kortabarriak, lehenengo itzulian erorita.

Bost kilometro pasatxo zituen Barajuengo zirkuituak, basoko bidezidor estuetan horietako asko. Lokatz apur bat ere bazen, eta zenbait eroriko eragin zituen horrek. Dena dela, ibilbidea asko gustatu zitzaien parte-hartzaileei. Openeko hurrengo proba Erandion izango da, apirilaren 1ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak