Aldarrikapenezko ospakizunak egin dituzte emakumeek asteburuan

Irati Goitia 2012ko martxoaren 11

Eguenean izan zen Emakumeen Nazioarteko Eguna, baina asteburuan ere hainbat ekitaldi egin dituzte egun horren harira.

Antzuolan, genero berdintasunaren eta emakumeen aldeko mural parte-hartzailea egin zuten egubakoitzean. Herriko eragile ezberdinei egin zieten Udaletik deia euren mezuak idatzi zitzaten eta jasotako erantzuna oso ona izan dela adierazi digute: erretiratuak, gazteak, umeak… guztiak hurbildu ziren. Batzuek marrazkiak egin zituzten eta beste batzuek mezuak idatzi. Honelakoak irakurri zitezkeen: Ez gara laranja erdiak, osoak baizik edo Gure etorkizuna berdintasuna. Murala ikusgai egon dago Olaran etxean asteburu honetan eta hurrengoan.

Aramaion, bestalde, bingo afaria egin zuten egubakoitzean. Hala, 19:30ean elkartu ziren bingoan jolasteko lehenik eta ostean afaria egin zuten San Martin eskolako jangelan. Denera 41 emakume elkartu ziren eta primeran pasa zuten. Urteroko ohitura da bingo afaria; dagoeneko, 15.enez egin dute aurten.

Atzo, zapatua, emakumeen azoka egin zuten Arrasaten. Guztira 50 postu jarri dituzte Euskal Herri osotik eta baita kanpotik etorritako emakumeek Seber Altube plazan. Denetarik aurki zitekeen: gazta, euskal pastela, barazkiak, bitxiak, eskuz margotutako arropa…

Takarraran emakumeen lasterketa ere egin zuten. 60 emakume inguruk hartu zuten parte eta giro bikaina izan zen. Ana Zabala izan zen azkarrena.

 

Gatzagan, urteko ohiturari jarraiki, sorgin bazkaria egin zuten Gure Ametsa jatetxean herriko emakumeek, 26 lagun elkartu ziren. Zaharrenak 92 urte zituen eta gazteenak 23. Bazkariaren ostean, gustura ibili ziren dantzan trikitilariekin. Isuskia ere zozketatu zuten joandakoen artean.

Oñatin triki-poteoa egin zuten emakumeek lehenik eta gero bazkaria izan zuten Etxeberria jatetxean. Guztira 33 lagun elkartu ziren. Bazkariaren ostean, trikitilariek jarri zuten giroa.  

Atzokoa, baina, ez da izango egingo den ekintza bakarra. Izan ere, hilabete osoan zehar izango dira ekitaldiak Berdintasuna Herrijorranen baitan, besteak beste: zine-kluba, autodefentsa ikastaroa, ipuin kontaketak eta bertso jaialdia. Azken ostirala ere herriko emakume taldeek deituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak