Oñatiko Txandaren 'outlet'-a eta Aretxarteren Ixadebalde azoka, arrakastatsuak

Julen Iriondo 2012ko martxoaren 11

Jende ugari ibili da egubakoitz eta zapatuan Oñatin, dendariek egindako outlet-ean. Salmentak oso ondo joan zirela zioten dendariek, "espero baino askoz hobeto". Aretxabaletan, berriz, Ixadebalde azoka egin zuten Iturrigorri frontoian, eta hemen ere polito ibili zen jendea eta ondo saldu omen zen.

Herriotako merkatari eta herritarrak gustura geratu dira asteburuan. Oñatin outlet-a egin zuten aurreneko aldiz. Egubakoitzean hasi zen eta laneguna izan arren jende asko ibili zen, hurrengo egunerako utziz gero mauka besteren batek eramango zuenaren beldur. %80ko deskontuak ere ikus zitezkeen denda kanpoaldera ateratako produktuetan.

Zapatu eguerdian, berriz, bete- bete zegoen, adibidez, Kale Barria, eta dendariak zoratzen, uste zutena baino askoz hobeto zihoala eta. "Atzera geratzen ari ziren plater eta tazak atera ditugu, eta oso ondo saldu dira", zioen Juanitosako Amaia Arregik; "pena, geu beste dendetan ibiltzeko asti barik gabiltzala", Olalde oinetakoetako Kristina Bikuñak. Ez da seinale txarra.

Aretxabaletan, berriz, Iturrigorri frontoian egin zuten zapatuan Ixadebalde azokaren IV. aldia. Iaz garai honetan egindakoan baino gutxixeago, baina ondo saldu zela zioen Aretxarteko presidente Alberto Asensiok. Eguerdia izan zen une jendetsuena. 13 postu egon ziren, %50etik gorako deskontuekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak