Eguenean Martxoaren 8a izan zen, eta, hori horrela, emakumea ardatz duten hainbat antzezlan egongo dira asteburuan bailarako hainbat herritan.
Bergaran gaur, egubakoitza, Oihulari Klown taldeak Divinas izeneko antzezlana egingo du. Muntaiak 80 minutu inguru irauten du eta Virginia Imazekin batera –hura da zuzendaria–, agertokira igoko dira Laura Lopez eta Txefo Rodriguez pailazoak.
Oihulari Klownek Ama Birjinak eta antzeko figura jainkotiarrek egingo duten terapia erakutsiko du Zabalotegi aretoan. Antzezlanean, Pertsona Jainkotiar Anonimoen izeneko laguntza taldearen asteroko batzarra ikusiko du ikusleak. Magdalena estresatuta dago, Ama Birjina errudun sentitzen da eta Jesukristok beldurra dio konpromisoari.
Ikuskizuna Zabalotegi aretoan izango da, 22:00etan, eta sarreraren prezioa 5 euro da.
Aretxabaletan, umeendako
Nagusiendako ekintzak ez ezik, umeendako antzezlana ere antolatu dute Aretxabaletan Martxoaren 8aren bueltan. Bihar, zapatua, Panpinak Aitorrentzat ipuin kontakizuna egingo du Maite Francok lau urtetik gorako gaztetxoenendako Udal Liburutegian. 11:30ean hasiko da emanaldia eta sarrera dohain izango da.
Martxoaren 8rako sortutako saioa da eta honako gai eta helburuak ditu: batetik, sexu-rolen banaketarekin bukatzea eta, bestetik, emakume eta gizonen eskubide eta eginbeharren arteko berdintasuna bultzatzea.
Panpinak Aitorrentzat ipuin-kontaketa saioa da, eta, ondorioz, ipuin-kontaketa saio batek eduki beharko lituzkeen osagaiak ditu: umore asko, misterioa, parte-hartzea eta baita ezusteko txikiak ere.
Oñatin, domekan
Oñatin Theatrola taldearen Gona gorriak antzezlana ikusteko aukera egongo da domekan, 18:30ean, Santa Ana aretoan.
Horrez gain, hilaren 23an, Ez da kasualitatea bertso saioa egingo dute Oñatin Martxoaren 8aren harira, Ainhoa Agirreazaldegi, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Uxue Alberdi bertsolariek. Arantzazu Saizek lagunduko die pianoan eta gaiak Egoitz Aizpuruk jarriko ditu.