Pello Zabala: "Nahiko udaberri goxoa izango da, loretsua eta polita datorrela dirudi"

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko mar. 9a, 12:11

Eguaztena, martxoaren 7a, izan zen kontratenporen azken eguna. Arantzazuko frantziskotarrak horren araberako iragarpena egin du, ohi bezala.

Laster sartuko gara udaberrian.
Ez diot kasu handirik egiten egutegi ofizialari. Gehiago begiratzen diot Kandelariari. Hor sartzen naiz ni udaberrian, eguna ordu eta erdi inguru luzatzen hasten denean. Zeltek-eta egiten zuten: Domu Santu egunean hasi negua eta Kandelarian, udaberria.

Eguaztena izan zen kontratenporen azken eguna. Ze irakurketa egin daiteke?
Kontratenporen lehenengo egunak, hau da, eguaztena, eguena eta egubakoitza udaberrikoak izan genituen benetan; 20-22 graduren bueltan. Eguraldi goxoa, hego-mendebal puntutxoarekin, baina haizerik gabe. Zapatuan mendebala hasi zen; goian lainoak, baina, hala ere, nahiko itxuroso. Eta domekan, itsasoko haizea, lainoak, euria, Arantzazu inguruotan elur apur bat ere ikusi dugu. Eta azkena, eguazteneko frantziar-iparra izan da. Zeruak garbitu zituen, eguzkia ikusi genuen eta epeldu ere egin zuen.

Eta hortik ibiliko da udaberria.
Hala ematen du. Nahiko goxo esango nuke, nahiz eta tarteka itsasotik ere haizea sartuko den. Baina sartu denetan hain fundamentu txikikoa izan da… Otsaila bera ere oso euri gutxikoa izan da. Baina nahiz eta gutxi egin duen, euri egunak asko izan dira. Negua esango nuke portatu dela. Eta udaberriak, bada, euritik gutxiago, baina haize oso suabe horiek hor ibiliko dira, eta, tarteka, mendebalarekin ekarriko du zaparradatxo bat edo beste.

Hortaz, epel, haize gutxi eta euria ere gutxi.
Euria, aukeran, gutxitxo. Nik uste dut nahiko udaberri goxoa izango dela alde horretatik. Udaberri loretsua eta polita datorrela dirudi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak