Enpresek uste dute euskal ekonomiak motel jarraituko duela urte osoan

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 9a

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak motel jarraituko du urte osoan. Euskal ekonomia Espainiakoa baino hobeto dago, baina Europakoa baino okerrago. Horiek dira Eusko Ganberek eta Kutxabankek egin duten Euskadiko Enpresen Aurreikuspen Inkestaren ondorio nagusiak.

Iaz, barruko salmentak murriztu egin ziren. Bada, aurreikuspenen arabera, murrizketa joera gelditu egingo da, baina 2012an zehar horien maila ez da hobetuko. Esportazioak "zertxobait dinamikoak" izango dira. Hala ere, enpleguak eta inbertsioak makal jarraituko dute, Eusko Ganberen eta Kutxabanken arabera; izan ere, "iazko mailari eusten saiatuko diren arren, maila hori oso apala da oraindik", diote.

Inkestaren arabera, enpresek ez dituzte aurreikuspenak aldatu 2012ari dagokionez: 2011ren oso antzekoa ikusten dute urtea. "Horrenbestez, badirudi oso hazkunde apaleko garaiak ditugula aurretik", esaten du txostenak.

Euskadiren negozio-zifrak "zerbait hobera" egingo duela esaten du inkestak, eta Espainiako batez bestetik gora kokatuko da, baina Europako Batasunerako espero den batez bestekoaren azpitik. Hala, galdetutako enpresen %30ek negozio-zifra horrek hobera egingo duela uste dute; %49k, berdintsu jarraituko duela; eta %20k diru-sarrera gutxiago espero dituzte 2012rako.

Espainiako merkatua "azken urteotan ahul" dagoenez, euskal enpresek "egonkortasuna" aurreikusten dute aurtengo, izan ere, inkestatutakoen erdiek barne-merkatuan iazko antzera saltzea aurreikusten dute. Gutxiago saltzea zein gehiago saltzea aurreikusten dutenen kopuruak berdintsuak dira: %25 inguru.

Bigarren urtez jarraian, esportazio aurreikuspenak iazko emaitzak baino apalagoak dira, baina positiboak izaten jarraitzen dute: esportatzen duten enpresen %46k gehiago esportatzea espero dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak