Emausek etxez etzeko bilketa zerbitzua jarri berri du martxan Arrasaten. Urtarril erdialdean hasi zen zerbitzua, eta denetarik batzen dute: era guztietako altzariak, liburuak, etxetresna elektriko txiki eta handiak, liburuak, arropak... Egoera onean dagoen eta sal daitekeen edozer, azken batean.
Zerbitzua emateko bi lagun kontratatu dituzte, Arrasateko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Zerbitzuaren laguntzarekin, eta 3.500 kiloko kamioian egiten dute batzea bi langileok.
Doako zerbitzua da
Deba ibar osoari erantzungo dio Arrasateko zerbitzu berriak –Irunen ere badute halako beste zerbitzu bat–, nahiz eta beharren arabera, beste leku batzuetara ere egingo dituzten irteerak.
08:00etatik 16:00etara bitartean egingo dute lan eta zerbitzua erabiltzeko 902 45 58 55 telefono zenbakira deitu baino ez dago, ordua hartzeko. Batze eguna eta ordua zehaztuta, bi langileak erabiltzailearen etxera joango dira eta dagokiona batuko dute.
Zerbitzua doahinekoa da, baina kontuan hartu behar da etxetik kendu nahi ditugun tresna horiek egoera onean egon behar direla, saltzeko moduan.
Asmoa ganbara, etxea... traste zaharrez hustutzea bada, zerbitzu hori ere egiten du Emausek. Kasu horretan baina, kobratu egiten dute –aurrekontua egiten dute–, tresnen helburua ez baita salmenta, Garbigunea baizik.
2009an ireki zuen Arrasateko Nafarroa etorbideko 23an duen lokala Emasuek. Sin desperdicio tailerrarekin hasi ziren. 2010ean bigarren eskuko arropa dendari ekin zioten; iaz, bigarren eskuko altzari dendari eta aurten, bilketa zerbitzuari. Hiru langile hasi ziren eta gaur egun zazpi dira.