Zer dela eta hasi zinen Lanbide Heziketa ikasten?
Margolari lanetan nenbilela egonkorragoa zen zerbaiten bila hasi nintzen, margotzeari utzi gabe. Momentu hartan lana izatea errazagoa zen, baina konturatu nintzen, zerbaitetan espezializatu beharra zegoela; bestela, lan motzak izaten ziren. Inguruan industria aktibitatea nagusi denez, arlo industrialeko zerbait aukeratu nuen.
Nola ezagutu zenuen Lanbide Heziketa?
Inem eta Hobetuz-en bidez bi soldadura ikastaro egin nituen lanean hasteko. Ikastaro horietariko bat Aretxabaletan izan zen, eta bertako irakasle batek animatu ninduen Eraikuntza Metalikoan goi mailako zikloa egitera. Izena eman eta astebetera lanerako deitu zidaten.
Zer eman zizun Lanbide Heziketak?
Enpresatik gertu dagoen formazioa da. Praktikak eraikuntza metalikoko enpresa handi batean egin nituen hiru hilabetez. Asko ikasi nuen eta bertan lanean gelditu nintzen beste sei hilabetez. Praktikan jarri nuen ikasketetan ikasitakoa, baina baita aurretik lanean hartutako jakintza ere.
Zer nabarmenduko zenuke?
Lanbide Heziketak enpresarekin duen lotura, unibertsitate ikasketekin konparatuz. Lanbide Heziketan formazioa jasotzen duzu, eta bukatzeko praktikak egiten dituzu, enpresara hurbiltzen zara…Esango nuke Lanbide Heziketa lan merkatura lotuago dagoela unibertsitatea baino, edo behintzat nik egindako ikasketetan horrela ikusi dut.