Papera kasuak bikoiztu egin dira Debagoienean

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mar. 7a, 17:22

Azken hilabetean nabarmen egin dute gora kasuek Gipuzkoan eta, batez ere, Debagoienean. Oñatiko ikastetxe batean papera agerraldia edo brotea izan  da eta horrek igoarazi ditu zifrak gurean: iazko urteko lehen bi hilabeteetan 12-13 kasu diagnostikatu zituzten bailaran,  eta aurten 25 dira dagoeneko. Eskualde Ospitaleko Larrialdietako zerbitzu buruak esan digu egoera kontrolpean dagoela.

Parotiditis edo, arrunki esanda, papera kasuek gora egin dute azken asteetan eta, uneotan, epidemia dago; epidemia txikia edo arina, baina epidemia. Urtarrilaren 1etik martxoaren 6ra, Gipuzkoan, 131 kasu diagnostikatu dituzte; horietatik 25 Debagoienean, iazko kopuruaren bikoitza. Oñatiko ikastetxe batean izandako agerraldi edo broteak eragin zuzena izan du horretan.

Edozein kasutan, garai honetan ez da harritzekoa papera kasuek gora egitea. Izan ere, negu bukaera aldera, hotzarekin, gazteak gehiago batzen dira eta, ondorioz, errazagoa da euren artean kutsatzea.

Sintomak

Listu-guruinen inflamazioa, sukarra, buruko mina eta ondoez orokorra dira sintomarik ohikoenak, baita barrabilen handitzea ere gizonezkoetan eta obarioena emakumezkoetan. Erraz kutsatzen da eta, hori saiheste aldera, berebiziko garrantzia du higieneak.

Prebenitzeko: bakuna

Bakuna hartzea da paperak prebenitzeko modua, hiru bakuna hartzea: lehendabizikoa 12-15 hilabeterekin hartzean da, bigarren dosia 4 urterekin eta hirugarrena 11-12rekin. Kontua da, ordea, askotan ez dela lehen dosia besterik hartzen eta, ondorioz, ez dela inmunitatea behar bezala garatzen; horixe da, hain zuzen, uneotan paperak dituzten gazteen %85en kasua. Hiru bakunak ondo hartuta, hori bai, edo behin paperak izan eta pasata, bizi osorako inmunitatea lortzen da.

Bizpahiru astetan erabat osatzen da

Papera kasuak anbulatorioetan atzematen dituzte familia medikuek, eta asteburuetan baino ez ospitaleko larrialdietan. Eta behin diagnostikatuta, komeni da astebetean etxean geratzea atseden hartzen, klasekideak edo lankideak ez kutsatzeko. Bizpahiru astetan erabat osatzen da eta ez du  inolako arrastorik uzten, baina kasurik txarrenean meningitisa eragin dezake. Baina horretara ailegatuta ere, gaixotasun birikoa litzateke eta ez bakterianoa, kontrolatzeko errazagoa, beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak