Mikel Goñi: "Eskatu didaten arren, ez nuke Patagoniara lagun bat bidaliko"

Txomin Madina Milikua 2012ko martxoaren 8a

1996ean profesionaletan debuta egin zuenetik, zeresan handia eman du nafarrak; orain, El Conquistador-en, Patagonian ikus dezakegu eta Euskal Herrian, bere arropa-dendan.

1. Profesionaletan debutatu zenuenean, nolako ibilbidea imajinatzen zenuen?
Garai horretan debutatuz gero, imajinatzen zenuen profesional mailan erretiratuko nintzela. Ez zen erraza profesionaletan debutatzea, eta egitekotan 35-40 urterekin erretiratzen zinen.

2. Zer da frontoiaren onena?
Zure zale eta jarraitzaileak pozik ateratzea, haiei dena ematea. Partidu asko irabazi arren, jendeak nahiago du espektakulua; nahiz eta galdu, jendeak zure izena oihukatzeak bete egiten zaitu.

3. Nola portatu da pilotaren mundua Mikel Goñirekin?
Naizen eta dudan guztia pilotari zor diot. Gauza bat da pilota mundua eta beste bat hedabideak; horiek mauka izan zuten nirekin, gehiago egiten zen berba nire bizitza pribatuaz pilotaz baino.

4. Bi enpresa handietatik kanpo jokatuta, libreago zabiltza?
Ez du deus ikusterik; beste era bateko partiduak dira. Prezio merke antzean, jende asko biltzen da; niri oraindik segitzen didate. Jendea frontoira eroan eta gustura geratzea da asmoa.

5. Gosea, nekea, antolakuntza... Zein da Patagoniako etsai okerrena?
Niretzako makurrena proba fisikoak izan dira; eta psikologikoki, ordu asko ezer egin gabe egotea. Baina esperientzia bezala gustukoa dut, jende oso ona ezagutu dut han.

6. Han egonda etxetik zer igartzen  duzu faltan?
Gauza asko; hemen nahi bezala bizi gara, dena eskura. Han ikusten duzu oinarrizko lau gauzarekin bizi daitekeela. Etxekoak, lagunak, zure bizitza igartzen dituzu faltan.

7. Eta hemen hango zerbait?
Hango jende asko ezagutu dut; gauza gutxirekin pozik daude, eta dutena elkar banatzen dute. Hemen hori galdu egin da; inbidia asko dago, nahiko berekoiak gara.

8. Kapitain moduan bai, baina lehiakide moduan joango zinateke?
Ez. Han ez dugu pribilegiorik. Batzuk fama bila doaz baina nik ez dut horren beharrik; publizitateagatik noa, eta ekonomikoki konpentsatzen duelako. Lagunek esaten didate eskua sartzeko eurak joateko, baina ez nuke hara lagun bat bidaliko.

9. Askok diote showman hutsa zarela. Ados?
Nire berotasunean egiten ditudanak ez ditut pentsatzen; eta askotan gauzak gaizki egiten ditut. Baina horrela denean, ez dut arazorik barkamena eskatzeko; uste dut hori jendeak gustuko duela. Horrelakoa naiz hemen, han edo Liman.

10. Arropa denda bat izanda, bota aholkua: udaberriko tendentzia?
Marrak, eta orokorrean moreak,  urdina, beltza eta zuriarekin nahastuta. Beti gustatu izan zait moda;
neuk aukeratzen dut dendako arropa eta ez dut gustu txarra izango, dena saltzen da-eta!

-------------------------

Makila magikoa baneuka: "Ez dut ongi geratzearren esaten, ezta jendeak entzun gura duena delako ere; baina hirugarren munduan dauden haurrek, miserian dauden lekuetako jendeak aukera bat izatea gurako nuke. Era berean, gu hain zikoitzak izan beharrean, besteei laguntzea ere gurako nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak