Apirilaren 17tik ekainaren 25era, errenta aitorpena aurkezteko epea

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 6a

Foru Ogasuna badabil aurtengo Errenta Aitorpen kanpaina prestatzen, eta zenbait data aurreratu ditu: hala, apirilaren 11n hasiko da autolikidazio proposamenak onartzeko epea; apirilaren 16an, errenta aitorpen mekanizatua egiteko hitzordua egiteko epea; eta apirilaren 17an, errenta aitorpena aurkezteko epea. Bestalde, aurten berritasunak egongo dira: adibidez, Ondare Aitorpena berreskuratzen da; bestetik, martxo erdialdean, eskuragarri izango da norberaren zerga informazioa hainbat modutara: Internetez, telefonoz eskatuta, Ogasunaren bulegoetan…

Kanpainaren webgunea apurka-apurka eguneratzen eta edukiak argitaratzen joango da Foru Ogasuna, kanpaina hasi baino lehen. Harpidetza egiteko aukera ere badago.

Momentuz, kontuan hartzeko data hauek jakinarazi ditu Ogasunak:

  • Autolikidazio proposamenak onartzea: 2012ko apirilaren 11tik maiatzaren 4ra.
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: 2012ko apirilaren 16tik ekainaren 8ra (epea luzatu daiteke ordu libreak egonez gero).
  • Aitorpenak aurkezteko epea: 2012ko apirilaren 17tik ekainaren 25era.

Autolikidazio proposamenak zergadunen erdiek baino gehiagok jasoko dituzte. Foru Aldundiak azpimarratzen du modalitate horren erantzun ona: azken kanpainan 193.588 proposamen onartu ziren, bidalitakoen (224.066) %86,4.

Internet bidez onartzen diren autolikidazio proposamenetan, emaitza helbideratzeko kontu korrontea aldatu daiteke, eta aitorpena aurkeztu izanaren frogagiria berehala eskuratzen da. Proposamena telefonoz onartzen denean bakarrik bidaltzen da postaz frogagiria.

Bestalde, martxoaren erdialdean, Ogasunaren webgunean jarriko dute eskura norberaren zerga informazioa: sarrerak, gastuak, atxikipenak, e.a. Hori lortzeko zenbait modu daude: berehala, pasahitz operatiboa edo sinadura elektronikoa erabiliz, Gipuzkoatariaren barruan. Zuzenean deskargatzen da programara. Beste aukera bat: Ogasuneko bulegoetara joanda. Bulegoak: Donostia (Okendo eta Errotaburu), Azpeitia, Bergara, Eibar, Irun eta Tolosa. Eskatzen duenari emango zaio zerga informazioa. Ez da inoiz ere emango beste pertsona batzuei dagokiena, haien baimen idatzia aurkeztu arren, non eta behar bezala erregistratutako ordezkariak ez diren. Edo telefonoz (902 100 040) edo Internet bidez eskatuta. Hala eginez gero, etxera bidaliko diote norberari posta arruntez.

Zerga informazioak beste atal bat dakar aurten, aurreko ekitaldietan aplikatu ez eta oraingo ekitaldian sar daitezkeen kantitateak adierazten dituena. Kantitateak izan daitezke: konpentsatzeko dauden ondare galerak, jardueretan inbertitzearen kenkariak –mugak gainditzeagatik aplikatu gabeak–, BGAEen murrizpenak, e.a.

Horrez gain, aurten, 2009ko eta 2010eko ekitaldietan indargabetuta egon ondoren, berriz aitortu behar da ondarearen gaineko zerga. Laguntza programa ZergaBidea programaren barruan dago.

Informazio gehiago, honako webgunean: www.gipuzkoa.net/ogasuna

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak