Aralarrek koalizio abertzale bat eratzeko elkarrizketei ekitea erabaki du

Irati Goitia 2012ko martxoaren 5a

Aralarrek ohiko batzarra egin zuten zapatuan Gasteizen eta erabaki zuten koalizio abertzale bat eratzeko negoziazioei ekitea.

2013ko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeei begira, hainbat alderdirekin negoziazioak hasteko erabakia hartu du Aralarrek. Zehazki: ezker abertzalearekin, EArekin, Alternatibarekin eta Abertzaleen Batasunarekin.

Zapatuan Gasteizen egin zuten ohiko batzarrean hartu zuten erabaki hori militanteek. 160 kidek hartu zuten bertan parte eta %93,8k bozkatu zuen alderdiko zuzendaritzak indar abertzaleekin elkarlanean jarduteko eginiko apustuaren alde. 

Amaiur koalizioan parte hartzeko erabakia, berriz, militanteen %71,75ak babestuz zuen.

"Banaketarik ez"

Badira erabakiaz ados ez daudenak. Alderdiko kideen %3,1 proposamenaren aurka agertu zen eta beste %3,1 abstenitu. Bestalde, zapatuko batzarrean ez ziren izan Aralarreko lau legebiltzarkideetatik hiru: Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Elgetako alkate den Oxel Erostarbe.

Horren harira, alderdian banaketarik aurreikusten duten galdetuta, Rebeca Uberak ezetz esan du.

Uberak gaineratu du aberasgarria dela iritzi ezberdinak egotea alderdi barruan eta denak errespetatu behar direla. Zehaztu du baita legebiltzarkideen kasuan, eurek duten postua aintzat hartuta, euren iritziak oso kontuan hartzekoak direla.

Bestalde, aurreratu du dagoeneko izan dituztela kontaktuak beste alderdietako kideekin, eta, orain, behin afiliazioak oniritzia eman ostean, modu sakonagoan ekingo dietela elkarrizketei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak