Hitzartutako egoitza eta zentroetako 5.500 langileri soldata handituko dio Aldundiak

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 5a

Gipuzkoako Foru Aldundiak tarifak handitu ditu, egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.500 langileri soldatak handitu ahal izateko. Aldundiarekin hitzartutako plazak dituzten gizarteratze, adinekoen, desgaitasun edo  gaixotasun mentalak dituztenen eta adingabeen zentroetako langileei eragingo die soldata-handitzeak.

Langile horiek martxoan hasiko dira eguneratutako ordainsariak kobratzen, 2012ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginekin.

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek neurri horren berri eman du Plangintza eta Inbertsioetako foru zuzendariarekin batera. Azaldu duenaren arabera, lurraldearen egoera ekonomikoa kontuan hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin behar izan dituen aurrekontu doiketak ikusita, Gizarte Politikako Departamentuak 2012. urtean plaza hitzartuen kostuen finantzaketa bere horretan uztea erabaki du. Hala ere, salbuespen bat aplikatuko da, alor desberdinetako langileen lan eskubideak bermatze aldera.

Horrela, mendeko pertsonen eta desgaitasuna edo buruko gaixotasunen bat duten pertsonen eguneko zentro eta egoitzetan, 2010ean eta 2011n, onartutako hitzarmen kolektiboek eragindako soldata igoerak langileen kostuak gehitu ditu eta, ondorioz, Foru Aldundiak 5.700.000 euroko gastu gehigarria xedatzea erabaki du, Diputatuen Kontseiluak hasieran onartutakoaz gain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak