Orain arte hiriburuetara jo behar zen erresonantziak egitera; Arrasatetik Gasteizera. Hala, ESI-keko arduradunek adierazi dute zerbitzu hau gure bailaran eskaintzea abantaila handia dela gaixoentzat. Batetik, ez duelako desplazamendurik eskatzen, eta, bestetik, itxaron zerrendak laburragoak izango direlako arduradunek esan dutenaren arabera. Asko jota 15 egun itxaron beharko dira erresonantziak egiteko.
Aparailu eraginkorragoa
Martin Aperribai medikuak esan du erresonantziak eskanerrak baino emaitza hobeak ematen dituela, adibidez: hainbat patologietan, nerbio-sisteman, bizkarrezurrean… Hala, gaineratu du gero eta gehiago erabiltzen dela bularreko tumoreetan edo ginekologikoetan. "Hau osagarri bat gehiago da, osagarri oso ona. Badaude hainbat patologia zeinetara gu ezin garen heldu eta erresonantziak aukera hori ematen digu. Baina garrantzitsuena da jendeak ez duela desplazatu beharrik izango, hemen bertan egin dezakeela" adierazi du Aperribaik.
Gaixotasun edo egoera patologikoak diagnostikatzerako orduan erabiltzen diren beste teknika batzuekin alderatuta, abantaila nagusia da ez duela X izpirik erabiltzen.
Debagoieneko ESIak aurreikusten du urtean 2.300 erresonantzia inguru egitea.