Gipuzkoan, %1,79 handitu da langabezia: 787 langabe gehiago

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 2a

Otsailean Euskadin 3.463 pertsona gehiago daude langabezian; beraz, langabeziak %2,22 egin du gora aurreko hilabetearekin alderatuta, eta, guztira, 159.667 dira enplegu-eskatzaileak. Enplegu Sailak gaur emandako datuak dira.

Hego Euskal Herrian eta Espainian, 112.269 pertsona gehiago daude langabezian, eta guztira 4.712.098 pertsona dira (%2,44).

Lurraldeen arabera, Araban 612 pertsona gehiago daude langabezian (%2,53), Gipuzkoan, ordea, 787 pertsona gehiago (%1,79) eta Bizkaian 2.064 pertsona gehiago (%2,35).

Joan den otsailean Euskadin erregistratu diren langabezia-datuei dagokienez, 1.951 gizon gehiago geratu dira lanik gabe (%2,58). Emakumeei dagokienez, 1.512 geratu dira lanik gabe (%1,88).

Adin-tarteei dagokienez, 25 urtetik beherako 726 enplegu-eskatzaile gehiago daude lanik gabe. 45 urtetik gorakoen tartean ere 646 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta 25 eta 45 urte bitartekoen kasuan, 2.091 pertsona gehiago daude lanik gabe.

Joan den hilean, sektoreen araberako langabezia %5,17 handitu da lehendik enplegurik ez zuten pertsonen artean. Industria-sektorean, langabezia %1,58 handitu zen. Zerbitzuen sektoreari dagokionez, % 1,95 igo zen. Eraikuntzan, ordea, %2,16 igo zen, eta lehen sektorean, %2,58.

Azken urtean, 13.874 langabe gehiago

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak datu horiek aztertu ditu, eta "krisialdi ekonomikoaren iraupena" dela medio, adierazi du "testuinguruan jarri" behar direla. Hala, Enplegu Sailak gogorarazten duenez, 2008ko otsailaren eta 2009ko otsailaren artean krisialdiren unerik larriena izan zen, erregistratutako langabezia 32.334 pertsonatan igo baitzen. 2009 eta 2010 bitarteko aldi berean gutxiago handitu zen, eta guztira 21.490 langabe gehiago izan ziren. 2010eko otsailaren eta 2011ko otsailaren artean, ekonomia zerbait suspertu zenez, erregistratutako langabezia are gutxiago handitu zen Euskadin, 8.313 langabe gehiagorekin. "Azken urtean, krisi ekonomikoa areagotu denez eta nazioarte mailan politika murriztaileak gauzatu direnez, 13.874 pertsona gehiago daude langabezian", baloratu du Enplegu Sailak.

“Oraindik krisialdian murgilduta jarraitzen dugu. Egia da krisiaren portaera ez dela berdina 2008an hasi zenez geroztik, une batzuetan besteetan baino larriagoa izan baita, eta 2011. urtean hobekuntza txiki bat ere nabaritu da”,
aztertu du Zabaletak.

Aurten, 321 milioi neurritan

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, UGTk eta CCOOk aurkeztu berri duten Langabeziaren Aurkako Plana ere gogora ekarri zuen Zabaletak. "Planak enplegua sustatzeko neurri jakin batzuk jarriko ditu abian 2012. urtean zehar, arreta berezia jarriz gazteengan, luzaroko langabetuengan eta Euskadiko gunerik kaltetuenetan, hala nola: Ezkerraldea, Enkarterriak,
Ibaizabal, Bilbo, Behe Bidasoa, Debabarrena, Oarsoaldea, Aiaraldea eta Gasteiz".

Txoke-plan horretarako 321 milioi euro bideratu dira, honako hauetarako laguntzak bultzatzeko: kontratazioa, autoenplegua, enpresa berrien sorkuntza gorantz doazen sektoreetan, zerbitzu espezifikoak enpresentzat, I+G+B proiektuak, langabetu eta langileentzako prestakuntza eta orientazio pertsonalizatuko programak, eta enpresa-ekimen berrientzat gizarte-segurantzaren kotizazio-gastuak ordaintzeko laguntzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak