Maite Aseginolaza: "Izeba programaren helburua da adingabeei afektibitatea ematea"

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko martxoaren 2a

Bakarrik dauden adingabeei zuzendutako Izeba proiektuarentzat boluntarioak lortzeko kanpaina abiarazi dute asteon. Orain arte atzerriko gazteak ziren programaren oinarria; aurrerantzean bertakoak ere hartuko dituzte aintzat. Proiektuaren koordinatzaile Maite Aseginolazak eman dizkigu haren gaineko azalpenak.

Zer da Izeba programa?

Boluntario programa bat da eta familia boluntarioek parte hartzen dute. Helburua da bakarrik dauden adingabeei laguntza edo babesa ematea. Eta Izeba deitzen diogu programari, bada, boluntariook izeba edo osaba rola betetzen dugulako. Hau da, kanpoko iloba bat etorriko balitz gure ingurura ikasketengatik eta gurasoak hemen izango ez balitu, ba, egin beharko genukeen lana egiten dugu gazte hauekin.

Aisialdian oinarrituta dago.
Bai. Astean behin tartetxo bat eskaintzen saiatzen gara. Eta izan daiteke tartetxo horretan etxera etortzea bazkaltzera edo aisialdiko bestelako ekintzak egitea. Helburua bitan labur dezakegu: alde batetik, gazteoi afektibitatea ematea da: maitasuna, segurtasuna, babesa…; eta beste aldetik, kanpora begira, harreman sareak sustatzea. Hor bitartekari lana egiten dugu,  euren harreman sareak zabal daitezen.

Orain arte adingabe atzerritarrekin jardun duzue. Aurrerantzean bertakoekin ere arituko zarete.
2009an jarri genuen martxan proiektua, eta, sasoi hartan, batik bat, adingabe atzerritarrekin hasi ginen. Ordutik hona 30 bat gaztek hartu dute parte eta beste horrenbeste familiak, eta oso balorazio positiboa egin dugu Foru Aldundiak eta Baketik-ek. Hala, 2012an erabaki dugu adingabeak orokorrean hartzea. Hori horrela, orain eskaera berriak dauzkagu, eta, ondorioz, familia eta pertsona boluntario gehiago behar ditugu.

Ze profil behar da boluntario izateko?
Ez dugu profil berezirik eskatzen. Boluntario izan daiteke norbanako bat, bikote bat, familia bat… Hor ez dago mugarik. Eskatzen dena da borondatea, gogoa halako ekimen batean sartzeko, eta aisialdirako tartetxo bat edukitzea. Eta izan daiteke denbora pixka bat izatea astean behin edo hamabostean behin gazte hauei eskaintzeko. Alde horretatik jarraipen bat izatea eskatzen da, besterik ez.

Gipuzkoa mailako proiektua izanda, boluntario eta adingabe guztiak dira gipuzkoarrak?
Gehienak bai. Nahiz eta gertatu izan den Debagoieneko zentro batera Durangoko gazteren bat etortzea. Baina %99 gipuzkoarrak dira, eta saiatzen gara antolaketa eskualdeka edo, behintzat, hurbiltasun batekin lotzen. Esaterako, Irunen bizi den gazte bati ez diogu Arrasateko familia bat esleituko. Harremanak ahalik eta naturalenak izateko gertutasun bat topatzen saiatzen gara. Horregatik behar ditugu boluntarioak eskualde desberdinetan.

Zer da adingabeek eskertzen dutena?
Atentzio pertsonalizatua. Zentroetan bizi dira, eta familia bat edo gurasoak ez dituzten gazteok gertutasuna eta eurekin egoteko borondate hori eskertzen dute asko. Bestetik, nork bere behar espezifikoak ere izaten ditu, eta guk laguntza eskaintzen diegu boluntarioei.

Eta adinez nagusi egiten direnean segitu egiten du harremanak?
Proiektua adingabeendako pentsatuta dago, baina gazteak familiarekin harreman ona izan badu, nahiz eta adinez nagusi egin, harremanak segitu izan du.

Nora jo behar da boluntario egiteko?
Boluntario egin eta informazioa jasotzeko 943 25 10 05 zenbakira dei daiteke, edo izeba@izeba.org helbidera idatzi. www.izeba.org webgunea ere badaukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak