Ekintzaileen Foroak "kontratatu nahi" duela esan du

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 1a

Adegiren Ekintzaileen Foroaren iritziz, "enplegua sortzea" da gaur egungo erronka handiena. Horren aurrean, ekintzaileek "kontratatu gura" dutela esan dute, eta, euren iritziz, "lan-erreforma aurrera egiteak enpresa enplegu-sortzaile gisa errekonozitzea da. Enpresa-ekimen bideragarriekin bakarrik garatu daitezke proiektu lehiakorrak, eta horien bidez, kontratatzeko aukerak sortu". Joan den aste bukaeran, aldarrikapen horiek batu zituzten 35 enpresa berriren ordezkariek manifestu baten.

Ekintzaileek "kontratatzeko ilusioa" dutela berretsi dute: "Gure proiektuetan sinisten dugu, hazten ikusi nahi ditugu, eta, horretarako, pertsonen laguntza dugu". Euren iritziz, enpleguaren arazoari aurre egiteko, garrantzitsua da gizarte eragileek akordioak egitea eta politika publikoak koordinatzea.

Ekintzaileok eurek dituzten konpromisoak ere aipatzen dituzte: "Ekintzaileok sorkuntza eta proiektu berriak lideratu behar ditugu, eta horregatik, aurrera ateratzen gabiltzan enpresa motaren gainean gogoeta egin behar dugu. Ezin dugu lege baten zain egon, erabateko aldaketa baten bidetik ekimen lehiakorragoak egiteko. Ekintzaile izateak berrikuntza, proaktibitatea, sormena eta arriskuak hartzeko borondatea bezalako balioak eskatzen ditu. Iraultza baten zati gara, eta aukera paregabea dugu hainbat arlotan funtsezko aldaketak eragiteko. Gure iritziz, etorkizuneko berme bakarra da proiektuak garatuko dituzten pertsona eta antolakuntza-ereduetan gaur inbertitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak