Telefonorako aplikazio hori zergatik egin duzue?
Gauza garrantzitsuena, guretako, delako bezero guztiek farmazien gaineko informazioa eskura izan dezaten. Informazio hori fidagarria izan zedin nahi genuen, eta aplikazio berriarekin lortu egin dugu, farmazialarion kolegioaren webguneko informazio berbera delako. Kalitatezko zerbitzua eman nahi dugu, eta bide horretatik doa aplikazioa. Bestalde, berria da, ez dago beste inon, eta mugikor mota guztietarako da.
Gaueko guardia zerbitzua zentralizatzearen aurkako errekurtsoa ipini du Oñatiko Udalak. Zer diozu?
Joan den abuztuan alkatearekin egon nintzen eta garbi esan zidan euren ezezkoa geneukala, baina ulertzen zuela, eta Eusko Jaurlaritzak onartzen bazuen, eurek ez zutela zeresanik izango. Baina orain albiste hori ikusi dut hedabideetan. Zerbitzu hori Arrasaten egiten da, larrialdi medikuak Arrasaten daudelako, eta biztanleak nahi eta nahi ez joan behar direlako Arrasatera. Nik ulertzen dut, lehenengo momentuan, zerbitzu gabe geratu direla sentitu dezaketela biztanle horiek; baina ez, zebritzua badago. Eta batzuek galdetzen dute: nola joango naiz Arrasatera? Ba, medikuarengana Arrasatera joan beharra dago. Mediku larrialdia dagoen tokian botika egon behar da.
Hortik aparte, errealitatea da ez dagoela eskaerarik; eta ez badago, zertarako ipini hain kostu handiko zerbitzua? Ez bakarrik diru aldetik, bizimodu aldetik ere kostu handia du. Urte osoan, Aretxabaletan, adibidez, ez dute beste inor gauetan atenditu dezan, eta titularrak egon behar izan dira guardiak ematen, eta euren bizimodua asko baldintzatu da.
Farmaziek zertan ematen dute balio erantsia?
Gure zerbitzua erantzukizun sozialetik hartzen dugu: botikariok gizartearekin konprometituta gaude. Gure nahia da urte osoan ordezko farmazialari batek eman dezan zerbitzu hori; espezializatutako farmazialari batek. Horrek alde on asko izango lituzke: medikuarekin harreman estua izatea, eta gaueko farmazialarien artean ere bai. Hori bezeroen onerako izango litzateke.
Asko entzuten da krisiaz, farmaziei berandu ordaintzen dietela administrazioek… Hemen zein da egoera?
Beldurtuta gaude. Ez zait buruan sartzen ze gizartetan bizi garen, non Lehen Arretan ez duten botikak ordaintzeko dirurik. Hemen, kobratzen dugu, Eusko Jaurlaritzak konpromiso hori betetzen du, eta aurrerantzean ere betetzen jarraituko duela espero dugu; bestela, oso beldurgarria izango litzateke.
Gipuzkoako farmaziaren batek izan du itxi beharra?
Oraindik ez. Batzuk oso estu dabiltza, gauza bat delako ez ordaintzea, eta beste bat -eta hori botika guztiek daukate- asko merkatu direla, eta hortik aparte, farmazia guztiek diru bat ipini behar diote administrazioari, deskontu bat, eta horiek progresiboak dira: farmazia handiek gehiago ipini behar dute, eta diru asko da. Murrizketa guztiekin, gaur egun, eta hemen ere ikusten da, farmazia batzuk nahiko larri dabiltzala hileroko fakturak ordaintzeko, eta zorretan geratzen dira. Lehen ez zen horrelakorik gertatzen.
Baina EAEko farmaziek oraindik ez dute itxi. Nafarroan bai; orain gutxi, bik itxi dute eta hirugarrena ere ixteko dago.
Farmazia sektorea bidegurutzean dago?
Gogoeta hau egiten dugu: profesio gisa, nora goaz? Ze egin behar dugu osasunaren alde? Orain arte egin duguna ondo dago eta horretan jarraitu egin behar dugu; esaterako, botika guztiak ondo, azkar eta segurtasun handiarekin bezeroari bideratzea, edo aholkuak eta osasun-hezkuntza bat ematea. Baina jarraipen farmakoterapeutikoa falta da: botika jakin bat norberarendako ona den, eta ona ez bada, zer egin behar den.
Gogoeta horren ondorioz, ikerketa proiektu bat bideratu nahi dugu, Consigue izenekoa, jendeari jarraipen bat egiteko. 80 farmazia konprometitu dira ikerketa hori egiteko, jakiteko ze bide egiten duen botika bakoitzak bakoitzarendako, eta ze aldatu behar den helburua betetzeko. Eta hori medikuarekin batera egiten da.
Asmo horrekin lotuta dago beste hau: profesio moduan zer egin behar dugun biztanleen osasunaren alde eta gure burua hobetzeko. Hori oso gogoeta berria da; beste leku batzuetan nahikoa daukate hilean kobratzen, ez dute beste ezertarako astirik.
Errezeta elektronikoa atzerapenez dator.
Helburua da udaberrian, apiril edo maiatzean pilotua hastea, Hondarribian, eta Bizkaia eta Araban ere bai. Gero zabaldu egingo da. Gure aldetik, lan handia dago eginda, eta Eusko Jaurlaritzak ere asko egin du. Osasun txartel berria oraindik ez dute banatu eta pixka bat kezkatuta gaude, ea garaiz ibiliko diren helburua lortzeko. Helburua da %100ean EAEn datorren urteko lehenengo hilabeteetan denok edukitzea errezeta elektronikoa abian.
Sektorearendako ona izango da hori?
Biztanleendako behintzat bai, garbi; mugarria izango da. Orain ez bezala, ez dira anbulatoriora errezeta bila joan behar izango, gero paperezko errezeta horiekin guztiekin farmaziara… Medikuendako ere, nire ustez, ona izango da: preskripzioa praktikoa eta errazagoa izango da. Eta farmaziondako ere baditu alde onak, bai; adibidez, medikuen eta botikarien arteko harremana hobetu egingo du.
Botika asko alperrik galtzen ei dira, diru asko ere bai… Horrela da?
Birziklatze-puntuetan begiratu besterik ez dago, SIGREn, zenbat botika pilatzen diren ikusteko. Penagarria da. Asko errezetatzen da, eta batzuetan errezeta guztiak ez dira beharrezkoak. Nik beti esaten dut ideala dela behar den medikamentua errezetatzea, bakarrik behar dena, prezio onean eta behar den momentuan; botika modu arrazionalean erabiltzea da. Esaterako, txarra da larregi edo gutxiegi hartzea. Dirutan ere kaltea dago, larregi errezetatzen delako. Baina penagarriagoa da osasun aldetik dagoen kaltea: gutxiago hartzen baduzu edo gehiegi hartzen baduzu, ez dago osasun-onurarik. Terapia-produktuak dira medikamentuak, eta bere onurak eta bere kalteak dauzka: beraz, ondo erabiltzea da helburua. Hori gure jarraipen programarekin dago lotuta.