Kepa Junkera: "Polemikak ezin dira ekidin, onartu egin behar dituzu"

Txomin Madina Milikua 2012ko martxoaren 1a

1965ean Errekalde auzoan jaiotako bilbotar honek pandero-jolea zuen aitona; ama, dantzaria; eta berak trikiti doinuak zabaldu ditu mundu guztian zehar

1. Ez dira asko etxean Grammy sari bat dutela esan dezaketen euskal musikariak...
Espero ez dituzun gauzak dira; ez duzu lan egiten sari bat jasotzeko. Ilusio handiz hartu nuen eta ingurukoendako ere poza da. Baina aurrera jarraitu behar da; ez zaitu hobea edo okerragoa egiten.

2. Ekonomia ikasten jarraitzea erabaki izan bazenu non zeundeke?
Edozein lanetan, orain bezala ahalik eta hobekien egiten eta jendeari gozarazten. Hori izan da beti nire leloa. Musikan aritzea erabaki arren, ez dut ezer baztertzen.

3. Etxea, Kalea eta Herria lanetan erdaldunak euskaraz abesten jarri zenituen. Zein izan zen trebeena?
Azkenean denen iniziatiba eta intentzioarekin geratzen naiz. Itzela izan zen. Eurentzat ohore bat izan zen gure kultura abesti eta euskara bidez ukitzea; denek dena eman zuten.

4. Proiektu baten hainbeste izen ezagun biltzeko zer egin behar da?
30 urte baino gehiago daramat musikan eta batera edo bestera elkar ezagutzen goaz. Elkarrenganako errespetuagatik ere bai; interesgarria dela iruditzen bazaie, parte hartuko dute.

5. Zailagoa da sentimenduetara heltzea hitzik gabeko abestiekin?
Pertsona bakoitza mundu bat da.  Niri musika instrumentala gustatzen zait abstraktua delako; zure aldetik gehiago jartzen uzten dizu.

6. Azkena ez duzu makala: diskoa Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin.
Ipar haizea du izena eta martxoaren 8an aurkeztuko dugu: nire ibilbideko kantuak dira, orkestrarako moldatuta. Oso proiektu berezi eta hunkigarria da.

7. Jaurlaritzak eman  zizkizun diru laguntzek polemika piztu zuten...
Polemikak ezin dira ekidin; onartu egin behar dituzu. Baina ez dut uste erakunde baten babesa jaso duen bakarra naizenik. Jendeak bere iritzia eman dezake; baina ez dakit proiektuaren dimentsioa eta urteetan zuen iraupena ikusi zuten.

8. Zer eman dizu Estatu Batuetan igaro duzun urteak?
Oso interesgarria izan da; musikaren eta kulturaren sehasketako bat da. Zentzu pertsonal eta profesionalean oso esperientzia polita izan da. Berriz han jotzeko gogoz nago; interes handia dute munduko musiketan.

9. Errekaldekoa izanda, nola bizi izan zenuen Kukutzakoa?
Auzoaren mugak gainditu zituen;  ekimen oso polita eta interesgarria zen eta jende asko harritzen zuen. Baina hazia erein da eta ahalegina ez da alferrik izango.

10. Nola doaz euskara kontuak?
Tarteka ikasten dut; ea orain, orkestrarena amaituta, berriz hartzerik dudan. Lanagatik zaila egiten zait jarraikortasun bat mantentzea; baina saiatzen naiz.

-------------------------

Makila magikoa baneuka: "Giza zientziak indartuko nituzke, kultura, ukitu ezin diren gauzak. Gauza gutxiagorekin bizi gaitezke, baina ezin gara kultura bere osotasunean indartzeaz ahaztu. Askotan ezin dira ukitu, ez dute etekin konkreturik, baina pertsona hobea izaten laguntzen dizute. kanta batek ematen dizuna, ezin dizu beste gauza batek eman."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak