"Norabide berrian pausuak ematen hasi"
"PSEk zortzi hilabete daramatza diskurtso berdinean ataskatuta, Gipuzkoa geldituta dagoela esanez. Bada garaia diskurtso horretatik mugitzeko eta proposamen eraikitzaileak egiteko. PSEk edukirik gabeko titularrak emateari utzi behar dio eta herritarrek markatu duten norabide berrian pausuak ematen hasi, ezezko iraunkorrean egon beharrean".
"Gipuzkoarrek aldaketa nahi dute"
"Pasa den maiatzak 22ko hauteskundeetan —baita azaroaren 20koetan ere— gipuzkoarrok argi eta garbi esan genuen aldaketa bat nahi genuela. Gaur egun arduradun berriak daude kudeaketa lanetan Gipuzkoako erakunde gehienetan, normaltasun osoz, eta bada garaia PSEk hauteskundeen emaitzak irents ditzan".
"Bidegiren desfasea"
"Gauza asko aldatu dira Gipuzkoan azkeneko zortzi hilabetetan: ezertarako balio ez duten eraikuntza faraonikoetan dirua xahutzeko garaiak pasatu dira; Gipuzkoak paradisu fiskala izateari utzi dio; orain gehien duenak gehiago ordaintzen du; beste gauza askoren artean. PSEk, aldiz, ez du oraindik irentsi kudeaketa eredu eta estilo berri batean aurrean gaudela. PSE geldirik dago, eta Bidegiren desfaseen aurrean ez da gai izan ezer esateko, ezta Kontu Tribunalak egondako salaketak berretsi dituenean. Ez da posible Gipuzkoa osoa Bidegiren desfaseekin aztoratuta dabilenean, PSEk ezer ez esatea".
"Gipuzkoa aurrera doa"
"PSE baita PNV eta PP, Gipuzkoaren inguruan luzatzen dituzten mezu ezkor horien aurrean Gipuzkoa aurrera doa. Eredu berria herritarren parte hartzean, euskararen erabileran, amalurraren errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritzen da. Gipuzkoa aurrera doa eta egun hauetan, esaterako, hondakinen arazoari aurre egiteko eredu berri bat jarri da mahai gainean. Beste alderdiak, aldiz, herrietatik eta mankomunitateekin proposatzen ari den atez-atekoari kritika antzuan geratu dira, eta inork ez Zubietan ez inon nahi ez duen errauskailuarekin tematurik jarraitzen dute".
"Herrietatik eta eskualdetatik eraiki behar da Gipuzkoa"
"Ez dute inongo proiekturik Gipuzkoarako. PNV, PP eta PSEk egun bizi dugun krisi ekonomikotik ateratzeko, krisian sartu gaituzten errezeta berdinak erabiltzen dituzte. Gipuzkoaren garapen ekonomikoa ez da etorriko hormigoiaren eskutik, obra faraoikoetatik edo jarrera espekulatzailetatik. Herrietatik eta eskualdetatik eraiki behar da Gipuzkoa, tokian tokiko sektore produktiboak bultzatuz. Hori da Ezker Abertzaleak eraiki nahi duen Gipuzkoa berria eta PSE k bide hori egin nahi badu, bidean elkar ikusiko dugu".