Europara lan egitera bai, baina denboralditxo baterako soilik

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 2a

Atzerrian lana bilatzea gero eta jende gehiagoren aukera da; batez ere, jende gaztearena, baina adin-tartea handitzen doa: Arrasateko Gazte Informazio Bulegora 30 urte arteko gero eta jende gehiago joaten da, atzerrira joan gura duela-eta, informazio bila. Arrasateko bulegoko teknikari Dorleta Kortazarrek dioenez, han atenditzen dituzten gazte gehienek "aldi baterako joateko asmoa izaten dute: ikasketak bukatu berri dituzte; edo, hemen lana ezin topatuta, edozein lan egiteko gertu daude beste herrialde baten, esperientzia hori izateko eta hizkuntzak praktikatzeko; baina bueltatzeko asmoa dute gehienek".

Debagoieneko gazte informazio bulegoek horiei laguntzeko eta orientatzeko informazioa batzen dute. Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ere ematen du Europako lan-eskaintzen gaineko informazioa.

Helburua dena delakoa izanda, atzerriko hizkuntzek eta, batez ere, ingelesak zabaltzen ditu Europako ate gehienak.

Alemaniatik eskaintzak

Garai baten, kualifikazio baxuko lanpostuak ziren ia eskatzen ziren bakarrak. Gaur egun, norberak ikasi duen arloko lan espezializatuago eta kualifikatuagoa eskatzen du gero eta jende gehiagok. Horiendako, bai Lanbidek, bai gazte bulegoek Eures (European Employment Services) sarea dute erreferentzia nagusitzat. Europako Batasuneko eta Norvegia, Islandia eta Liechtensteingo enplegu zerbitzu publikoek osatzen duten sarea da; Europan norbanakoek askatasunez mugitzeko printzipioan dago oinarrituta, eta Europako 31 herrialdeko enplegu eskaintzak batzen ditu. Donostian badago Euresen bulego bat.

Eures sarearen gaineko 5.000 kontsulta jaso zituen iaz Lanbidek; 2010ean, 3.761 izan ziren. Lanbideko arduradunek diotenez, "2008an igarri zen kontsulta kopurua asko handitu zela, hain zuzen ere krisia hasi zenean". Gaineratzen dutenez, Eures-eko eskaintzetan, "hizkuntzak dakizkiten langile kualifikatuak eskatzen dira: Lanbide Heziketa dutenetik doktoretza egin dutenetaraino". Euskadin, baina, beste bi eskatzaile-mota hauek daude batik bat, Lanbideren esanetan: kualifikazio tekniko ona duena baina atzerriko hizkuntzarik ez dakiena, edo hainbat hizkuntza dakizkien kualifikazio txikidun langilea.

Atzerriko eskaintza gehienak Alemaniatik datoz; batez ere ingeniariak eskatzen dituzte. Hizkuntza muga izaten da. Kualifikazio handiko lanpostuetarako, alemaneko B-1 maila eskatzen dute. Bestalde, lehenengo aldiz, kualifikazio maila ertain edo txikiko sasoiko lanpostuetarako eskaintzak datoz Alemaniatik.

Erresuma Batuak osasun arloko lanpostuak eskatzen jarraitzen du, eta Suedian, azkenaldian, eraikuntzako plazak agertu izan dira.

Laster, Lanbidek Euresen leiho berezia irekiko du bere webgunean, eta Euresen informazioa eta eskaintzak agertuko dira han.

Euresen, lan-eskaintzak sektoreka eta herrialdeka sailkatuta agertzen dira; baina norberaren curriculuma jartzeko datu-basea, herrialdeetako enplegu zerbitzuak eta beste informazio praktiko batzuk ere badaude.

Webgune interesgarriak

Eures sarea norberaren kontura bilatzen dabiltzanei zuzenduta dago, batik bat. Horiendako ere, beste webgune bat gomendatzen du Dorleta Kortazarrek: Europako Gazteen Ataria (europa.eu/youth).

Europako Gazteen Ataria.

"Europako Batzordearen ekimena da, gazteei ahalik eta informazio zabalena emateko. Zertara joan gura duen araberako informazioa topatuko dugu han: eskubide eta betebeharrak, ikastera goazen, lanera goazen, praktikak egitera goazen, udako lana… hori guztia, herrialdeka banatuta. Horregatik, hainbat konbinazio egin ditzakegu", azaltzen du.

Horiek dira norberaren kasa moldatu gura dutenendako webgune nagusiak. Baina batzuek bitartekarien zerbitzua gura izaten dute. Gazte informazio teknikariak dioenez, Gipuzkoan edo Euskadiko agentziak gomendatzen dizkiete jendeari: "Gertutasunagatik da. Gaur egun Interneten jende asko mugitzen da, baina gertuan dagoen enpresa bat izateak segurtasuna ematen du".
Agentzia edo enpresa horiek "denetariko" zerbitzuak ematen dute: "lana bilatzea bakarrik, edo lana eta bidaia, alojamendua ere bai…". Ohar bat: "Ez dira merkeak izaten". Horren truke, kalitatezko zerbitzua ematen dutela diosku Kortazarrek.

Hizkuntza praktikatzea baldin bada helburua, propio horretan diharduten agentziak eta erakundeak ere badaude: Aseproce elkarteak (www.aseproce.org) atzerrian hizkuntza-ikastaroak eskaintzen dituzten Espainiako erakundeak batzen ditu.

Aseproce elkartearen webgunea.

Ez bakarrik udan

Atzerrira joan gura duten gazte asko edozein lan mota egiteko gertu daude: denbora bat atzerrian eman nahi dute, esperientzia hartu eta hizkuntza praktikatzeko. Hor ere egon dira aldaketak: "Lehen, normalean jendeak uda aprobetxatzen zuen atzerrira joateko. Orain, urte osoan datozkigu". Beste desberdintasun bat ere badago, krisiak ekarritakoa: "Garai baten, hoteletan, ostalaritzan… lantxo asko egoten ziren atzerrian, baina orain, ez hainbeste. Izan ere, herrialde horietan bertakoek hartzen dituzte orain lanpostu gehienak". Horregatik, samurrago topatzen dira lanpostuak udatik kanpo.
Lan mota horietarako eskaera gehienak ikasketak bukatu berri dituzten gazteengandik datoz.

Beka deialdi berrienak

Gazte bulegoen sarean, beste eskaera bloke handi bat beken edo diru-laguntzen inguruko informazioarena da. Gazte bulegoetan, denetariko beken deialdiak jasotzen dituzte. Multzo handi bat atzerrira joateko bekak dira: Erasmus, Leonardo, zenbait fundaziok eskaintzen dituzten bekak eta bestelakoak: "Kanpora joateko, ikasteko, lan-praktikak egiteko, mugikortasun bekak… denetarik egoten da", esaten du Kortazarrek.

Gazte Informazio Bulego sareak egindako produktua da beka deialdien liburuxka. Interneten ipintzen dute urtero: www.gipuzkoangazte.info/bekak. PDF formatuan jaisteko aukera dago. Gainera, deialdia iazkoa den kasuetan ere, aurtengo deialdia egin bada, estekak aurtengora eramango gaitu.

Bulego sarea aro digitalean sartuta dago ere, eta horregatik, informazio asko Interneten daukate: www.gipuzkoangazte.info da webgune orokorra,

Gipuzkoako Gazte Bulegoen webgunean, lan-eskaintzak.

eta www.gaztebulegoa.com, Arrasateko bulegoarena.

Arrasateko Gazte Bulegoaren webgunea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak