Aholku Batzordearen funtzioak
Aholku Batzordeak zenbait funtzio izango ditu, besteak beste: hondakinen kudeaketa, uneoro, lurraldearen benetako beharretara egokituta egon dadin, abian dagoen plangintza interpretatzea. Baita, bilketa guztia aztertzea, bai plangintza orokorrari dagokionean, bai kudeaketarako hartzen diren erabakiei dagokienean ere. Hortaz, analisia eta ebaluazioa egitea dagokio.
Bestalde, hondakinen kudeaketa orokorraren alorreko politikak aztertuko ditu, beti ere, udaletan hartutako erabakiak kontuan hartuta. Plangintza benetako egoerara egokitzen ote den aztertuko du.
Horretaz gain, honako beste funtzio hauek ere izango ditu:
- Arautegi aurreproiektuei, planei eta proiektuei proposamenak egitea.
- Hondakinen kudeaketari buruzko iritzia ematea.
- Planei eta programei buruzko aholkuak ematea.
- Garapen iraunkorrari buruzko neurriak proposatzea.
- Hezkuntzako neurriak proposatzea.
- Herritarren partaidetza sustatzea.
Gipuzkoako Hiri hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Batzordeak egindako proposamenak irizpidetzat hartuko dira. Horrez gain, Ingurumeneko Departamenduak Batzordeari jakinaraziko dizkio hondakinen kudeaketaren inguruan hartutako erabakiak.
Batzorde zabala: 40 kide
Batzorde zabala izango da. 40 kide inguru izango ditu, gutxi gorabehera. Honako osaera izango du:
- Presidentea, Gipuzkoako Ingurumen diputatua izango da.
- Presidenteordea, Ingurumen zuzendaria.
- Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoek kide bana izango dute.
- Gipuzkoako Mankomunitate bakoitzak ere kide bana izango du.
- Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak 2 kide izango ditu. 1.000 biztanletik beherako udalek, 4 kide izango dituzte.
- 1.000 eta 20.000 biztanle arteko udalek, 2 kide izango dituzte.
- 20.000 biztanletik gorako udalerriek, 2 kide.
- Hondakinen gaikako bilketan eskarmentu handia duten udalek, 2 kide.
- Jaurlaritzako Ingurumeneko Departamenduak, kide bat.
- Sindikatu esanguratsuenek, 2 kide.
- Nekazari sindikatuek, 2 kide.
- Enpresa erakundeek, 2 kide.
- Merkatari eta ostalariek, 2 kide.
- Unibertsitateak, 2 kide.
- Hondakinen alorreko irabazi asmorik gabeko elkarteek, 2 kide.
- Ingurumenarekin eta biodibertsitatearekin lotura duten elkarteek, 2 kide.
- Kontsumitzaileen elkarteen izenean, 2 kide.
- Ekologiarekin eta ingurumena zaintzearekin lotura duten elkarteek 2 kide.
Batzordeak lan taldeak era ditzake, Batzarrak hala erabakitzen badu, eta ezarrita dauden helburuak lortzeko laguntzen badu.
"Partze hartzeari bideak ireki"
Erabaki honen bidez, indarrean dagoen Plangintza Orokorra garatu nahi du Diputazioak. Era berean, parte-hartzeari ere atea irekiko dio Batzordeak. Izan ere, osaera zabala izango du. Batzorde honek zubi lana egingo du planifikatzailearen, kudeaketa egiten duenaren eta gizartearen artean.
Azken batean planifikazioa eta eguneroko kudeaketa aztertu egingo ditu eta emango dituen aholkuak kontuan hartzekoak izango dira. Politikatik harantzago, gizarteko eragile mordo batek parte hartuko du batzordean.