Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Garapen ekonomikoko eredu gisa Euskadik erakusten duen etsenplua onetsi zuen bart Harvardko Unibertsitateak. Industria sailburu Bernabé Undak gonbidatu berezi gisa parte hartu zuen estatubatuar unibertsitate horretan ematen den lehiakortasunari buruzko ikastaroan. Bere hitzaldia amaitu zuenean, ikastaroko zuzendari Michael E. Porter irakasleak azken hamarkada hauetan, eta bereziki legegintzaldi honetan, ezarritako politikak balioetsi zituen.
Urteak dira Harvardek arlo horretako ‘euskal kasua’ aztertzen duela, ‘Euskadi: Garapen Ekonomikoko Estrategia bat’ izenburuko ikasgaiarekin. Porter irakasleak zuzentzen du, espezialitate horretan mundu osoan dagoen aditurik handienak, sektorearen ustez klusterren ereduaren sortzaile denak, hain zuzen ere.
Bart emandako eskolara Harvard Business School, Harvard Kennedy School eta Massachussets Institute of Technology (MIT) zentroetako eta Tufts Unibertsitateko ikasleen talde hautatua bertaratu zen.
Michael Porter irakasleak emandako eskolarekin hasi zen ekitaldia, ‘euskal kasuaren’ aurrekarien sarrera eginez. Bere hitzetan, garapen ekonomikoaren arloan Europako eskualdeen artean "azken hamarkadetan Euskadi pribilejiozko posizio batera" eraman duen politikaren xehetasunak aztertu zituen.
2009ra arte aztertu zen ‘kasua’. Urte horretan, Porter irakasleak bere azalpenean adierazi zuenez, “Patxi López sozialistak Juan José Ibarretxe ordezkatu zuen presidente gisa martxoko hauteskundeen ondoren”. Eta jarraitu zuen: “Alderdi Jeltzalea izan zen bozkatuena, baina gehiengo absoluturik gabe, eta hori horrela, Alderdi Sozialistak Gobernu berria eratu zuen, lehen aldiz demokrazia Espainiara itzuli zenetik. Probintzia-gobernuetan (foru-aldundiak) EAJk jarraitu zuen agintzen”.
Porterren azterketaren arabera, “Patxi Lópezek Bernabé Unda hautatu zuen, filiazio politikorik gabeko enpresa-exekutibo bat, Industriako sailburu gisa. Unda 2009ko maiatzean karguaz jabetu zenean, jarduera ekonomikoa bat-batean erotzen ari zen krisi ekonomiko eta finantzario globalaren eraginez”. Eta honako hau gaineratu zuen: “Undak plan ekonomiko berria garatu behar izan zuen hurrengo urteetarako”.
Harvardko adituaren interpretazio horretatik aurrera, sailburuak hitza hartu zuen 2009ko maiatzetik hona emandako pausoak azaltzeko. Karguaz jabetzean aurkitu zuen krisi-egoeraren aurrean harturiko erabakiak azaldu zituen Bernabé Undak.
Hala, 'Eutsi' izeneko estrategia nola aplikatu den zehaztu zuen, eta esan zuen 45.000 enplegu baino gehiago sendotu direla horri esker.
Euskal enpresa-sarea babesteko kapital-arriskuaren erabilera zenbateraino ugaritu den errepasatu zuen: bi urte eta erdi pasatxoan aurreko 7 urteetan erabilitako diru-kopurua bikoiztu egin dela esan zuen.
Jaurlaritzak onarturiko 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren ardatz nagusiak ere errepasatu zituen sailburuak.
Nazioartekotzearen aldeko apustua aipatu zuen, enpresa-misioekin eta beken bidezko langile kalifikatuen prestakuntzarekin (legegintzaldiaren hasierako 30 beketatik aurten izango diren 500 beketarainoko jauzia egin dela esan du Industria sailak).
Hainbat alderdi nabarmendu zituen sailburuak, hala nola "esportazioetako errekor lortu berria, eta ekonomia irekiaren ildoaren barruan, turismoaren arrakasta, azken bi urteotan ondoz ondoko errekorrak lortu baititu bisitarien etorrerari dagokionez".
Halaber, Undak I+G+B arloari emandako garrantzia azpimarratu zuen: besteak beste, esan zuen Euskadik BPGaren gaineko gastuaren %2ko muga gainditu duela, lehenengo aldiz.