Aurtengo Laburbirak bi geltoki Debagoienean: Arrasate eta Bergara

Txomin Madina Milikua 2012ko otsailaren 28a

Datorren eguenean abiatuko da Laburbira, Topaguneak antolatzen duen film laburren zirkuitua. Aurtengoa bederatzigarren edizio izango da, eta denera 27 geltoki izango ditu, tartean Arrasate eta Bergara. Berrikunta moduan, galegoz dagoen film labur bat ere eskainiko dute.

Zortzi izango dira denera aurtengo Laburbiraren barruan ikusi ahalko diren ikusentzunezkoak: fikziozko lau lan, animaziozko bi, dokumental bat eta bideoklip bat. Gehienak 2010 eta 2011an ekoitzitakoak dira. Topagunetik adierazi dutenez, aurreko edizioetan bezala, honetan ere ibilbide luzeko egileak eta egile berrien lanak ezagutarazteko ahalegina egin dute.

Dena den, zortzi lan horietatik bi nahiko bereziak dira: batetik 1961ekoa den Gotzon Elortzaren Aberria, euskarazko lehen dokumentala izan zena; eta bestetik Instalación galegoz dagoen Xoxe Diazen laburmetraia.

Debagoienera martxoaren 13an helduko da Laburbira, Arrasatera, hain zuzen ere. AEDren eskutik, 20:30etan izango da Arrasateko hitzordua, Amaia antzokian. Ibarreko bigarren geldialdia Bergaran izango da, martxoaren 21ean, Zabalotegi aretoan eta kasu honetan ere 20:30etan. Jardunek antolatuko du Bergarako emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak