Iñigo Iñurrategi: "Balio erantsia lortzea baino erronka sakonagoak ditugu gizartean"

Leire Kortabarria 2012ko otsailaren 29a

Iñigo Iñurrategi Lanki ikertegiko kidea da. Joan den martitzenean, Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeak deitutako batzar baten izan zen Legebiltzarrean. Espainian Ekonomia Sozialaren Legea onartu zen iaz, eta batzorde horrek hainbat eragileren iritzia eskatu du.

Azken urteetan Eusko Jaurlaritzak gero eta interes handiagoa erakusten du ekonomia sozialarekiko. Zergatik uste duzu hala dela?
EAEn Arrasateko kooperatibek pisu esanguratsua izan dute aspalditik eta alde horretatik aspaldikoa da hemengo gobernuaren interesa kooperatibengan. Arrasateko esperientziaren dimentsio horrek berak historikoki nolabaiteko itzalpean utzi ditu ekonomia sozialeko gainontzeko erakundeak, beraien garrantzia esanguratsua den arren: ekonomia solidarioko elkarteak, lan sozietateak edo autonomoak, besteak beste.
Interesari dagokionez, seguru aski krisiaren aurrean ekonomia sozialeko erakundeek izan ohi duten erantzun hobea izan daiteke arrazoi pisuzko bat. Urte oparoetan ez dute horrenbesterako oihartzunik izan.

"Langilearen gehiengoak eremu demokratizatu gabeetan dihardu lanean", diozu.
Ahoa betetzen zaigu demokraziaz hitz egiterakoan, eta errealitatea bestelakoa da: herrialde demokratikoenetan ere, bertako langileen gehiengoak bizitzaren zati handi baten erakunde ez demokratikoetan dihardute lanean. Ekonomia, eta bere baitan lan mundua, gure bizitzan hain garrantzitsuak izanda, ez daude ia batere demokratizatuak. Eta kooperatibak, enpresa eredu gisa, langileoi subiranotasuna praktikan jartzeko baldintzak eskaintzen dizkigu. Enpresaren jabe izatea, enpresaren erabakietan parte hartzeko eskubidea izatea eta lanaren emaitzaren banaketan eskubidea izatea lana demokratizatzeko oinarrizko baldintzak dira.

Legebiltzarrak zelan eman diezaioke lehentasuna ekonomia sozialari?
Legebiltzarrari ekonomia soziala sustatu eta baldintza egokiak izateko legeak garatzea dagokio, alde batetik; eta bestetik, erakunde mota hauek bultzatzeko politika zehatzak martxan jartzea. Gauza asko egin da, baina badago zer hobeturik. Adibidez, sortu berria den Lanbideko erabaki organoetatik kanpo utzi dituzte kooperatibak eta ekonomia sozialeko gainontzeko erakunde guztiak ere, bertan hartuko diren erabakiek langile eta enpresa guztiengan eragina izango dutenean.

"Kooperatibisten jokaera ez da perfektua", ere onartu zenuen. Kooperatibistak idealizatuta izan ditugu?
Kanpotik begiratuta bada Arrasateko kooperatibismoa errealitate bihurtutako utopia bezala ikusten dutenak, eta beste batzuek, berriz, edozein korporazio kapitalistaren pareko gisa ikusten dute. Barrutik ezagututa, esan daiteke, oraindik utopiatik urrun samar dagoen arren, gauza on, interesgarri eta garrantzitsuak dituela. 
Kooperatibistak, berez, ez dira pertsona ezohikoak. Baina antolatzeko moduak berezi egiten ditu. Hain zuzen ere, erakunde hauen izaera demokratikoak, lanaren jabetzak, egiturazko ardura bermeak ematen dizkio langileari, enpresari eta enpresa kokatuta dagoen komunitateari. Langileak enpresaren jabe direlako eta kooperatibaren jabeak, komunitateko kideak direlako. Eta komunitateko partaide direnez, beraien komunitatearen alde egiteko aukera handiagoa dago, herri eta eskualde konkretuetan sustraituta daudelako.

Ze erronka planteatzen ditu kooperatibentzat ekonomia globalizatuak?
Epe laburreko ikuspegi ekonomikotik, balio erantsi handiagoko sektoreetan lan egitea da erronka nagusietako bat. Modu horretan kostu txikiagoko herrialdeekin lehian jardun beharra gutxituko litzateke eta nazioarteko merkatuan presentzia dibertsifikatua izatea lortuko lukete.
Baina euskal gizarteak eta kooperatibek etorkizunean izango ditugun erronkak hori baino sakonagoak dira. Gaur egungo garapen eredua, gure bizimodua bera, zor finantzarioan eta zor ekologikoan oinarrituta dago, eta gero eta nabarmenagoak dira eraiki dugun etxearen oinarriak pitzatzen ari direla. Oraindik ere herritar gehienok ia erreguka ari gara BPGaren datuek hobera egingo duten eta ekonomia hazkunde bidean jartzen den, gure hipoteka eta gainontzeko zorren beldurrak apaltzeko. Baina etengabeko hazkundea ameskeria bat da, aurrerantz ihes egitea, krisi sakonagoetan murgiltzea. Bada ordua herritarrak antola gaitezen eta honi buelta ematen hasteko oinarriak jartzen hasi. Gai oso konplexua da, zailtasunak itzelak… baina zerbait egitera behartuta gaude. Eta ez diot pesimismotik. Uste dut aukera ederra daukagula euskal jendartea loalditik esnatu eta beste bizimodu baterako oinarriak eraikitzen hasteko. Guretzako ez bada, hurrengo belaunaldientzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak