Alokairuko 3.000 etxebizitza libre huts gehiago merkaturatu nahi dituzte

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko otsailaren 27a

Alokairu segurua, arrazoizko prezioa delako programa jarriko du abian Eusko Jaurlaritzak martxoan. Errenta ertainekoei ere zuzenduta dago eta alokairuen prezioa 450 eta 650 euro artean egongo da.

Alokairu segurua, arrazoizko prezioa delako programa jarriko du abian Eusko Jaurlaritzak martxoan. Programa horrekin alokairuko 3.000 etxebizitza libre huts gehiago merkaturatu nahi ditu datozen bi urteetan –EAEn 75.000 etxebizitza daude hutsik–.

Bizigune programa errenta baxuko herritarrei zuzenduta zegoen bezala –urtean 3.000 eta 22.000 euro arteko errenta dutenei–, Jaurlaritzaren programa berria errenta ertainei ere zuzenduta dago –urtean 7.000 eta  39.000 euro arteko errenta dutenei–. Bestalde, alokairuaren prezioari dagokionez, 450 eta 650 euro artean egongo da, gaur egun merkatu librean dauden prezioak  baino "askoz merkeago" Jaurlaritzaren arabera. Eskatzaileak bete beharreko baldintzei dagokienez, Ertxebiden inskribatuta egon beharko dira. Bete beharreko beste baldintza batzuk dira jabetzan etxerik ez izatea alokairuzkoa eman aurreko bi urteetan eta gutxienez urtebetez erroldatuta egotea EAEn.

Jaurlaritzak bitartekari lanak egingo ditu

Jaurlaritza arduratuko da etxeen jabe eta maizterren artean bitartekari lanak egiteaz. Etxebizitzen jabeei bermatuko die errentak kobratzea eta kalteen konponketa, seguruen bitartez. Maizterrei, berriz, urteko sarrera gordinen %30 gaindituko ez duen hileko errenta bermatuko die. Bitartekaritza programa artikulatzeko, batik bat agente inmobiliarioz osatutako kolaboratzaile sarea eratuko dute.

Prezioen erreferentzia, merkatu librea

Programa berriko prezioak ezartzeko orduan, hainbat erreferentzia izan dituzte kontuan. Preziorik altuenen erreferentzia, herri bakoitzeko alokairu librearen egoera izan da. Alokairu altuenak hiriburuetakoak izango dira: Donostian, 650 euro; eta Gasteizen eta Bilbon, 550 euro.
Gainerako herriak hiru kategoriatan banatu dira; 550, 475 eta 400 eurora arteko hiru multzotan, hain justu ere. Kategoria horiek honela eragingo diote Debagoienari: Arrasaten, 550 eurora arteko alokairuan kobratu ahal izango dira; Aretxabaleta, Bergaran eta Oñatin, 475 eurora artekoak; eta Eskoriatza, Elgeta, Aramaio, Antzuola eta Leintz Gatzagan, 400 eurora artekoak, nahiz eta aldaketarik egon daitekeen, agindu autonomikoa onartu arte. Programa berria martxo bukaerarako prest egongo da. Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onartu beharko du dekretua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak