Arrasaten eta Bergaran, beherapen paregabeak egun osoan

Ubane Madera 2012ko otsailaren 25a

"Ona, polita eta merkea". Berba horiekin deskribatu dute gaurko Arrasateko merkealdien azoka, Merkemerkaua. Izan ere, neguko produktuen sasoia bukatzear dagoen honetan, dendetan dituzten jantzi, oinetako eta bestelakoak saldu egin gura dituzte dendariek, "denboraldi berriko produktuei" lekua egiteko. "Lehen mailako produktuak %70-%80ko beherapenekin aurki daitezke gaur hemen", azpimarratu du Angel Alonsok, Merkemerkauko arduradunak. Eta gaineratu du gaurkoa moduko ekimenekin, era berean, herritarrak herrian bertan geratzeko moduko aisialdia sortzea ere badutela helburu. 

Musika bizi-bizi, eta dendariak buru-belarri aurkitu ditugu gaur goizean goiz Arrasateko merkealdien azoka prestatzen. Arrasateko kaleetan "beherapen ikusgarriak" aurkituko ditugula kontatu du Angel Alonsok, Ibai Arte elkarteko zuzendaritzako kideak, "dendetan stockean ditugun produktuak saldu egin gura" dituztelako, udaberri-udako produktu berriei lekua egin ahal izateko.

10:00-20:00 da Merkemerkauak izango duen ordutegia. Eta iaz moduan, aurten ere karpak ipiniko dituzte erdigunetik urrun dauden komertzioek generoa bertan ipin dezaten, Seber Altuben eta Herriko plazan. Euria eginez gero, berriz, Seberreko saltokiak Biterira eta Olartera lekualdatuko dituzte.

Kale animazioa 

Bestalde, kale animazioa ere iragarri dute: 11:00-13:00 Sanbamaña batukada; 16:30-18:00 Erraldoi eta Kilikien Konpartsa eta 18:00-20:00 Sanbamaña batukada. 

Bergaran ere bai

Eta Arrasatez gainera, atzo moduan, Bergaran beherapenen azokarekin segituko dute bertako dendariek. Beraz, gaur ez dago aitzakiarik erosketak Debagoienean bertan ez egiteko.   

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak