Iban Gonzalez: "Justiziarik eza eta desoreka irudikatu gura izan dut"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko otsailaren 24a

Aretxabaletarra jaiotzez, Arrasaten bizi da Iban Gonzalez. Baleuko ekoizpen etxean egiten du lan, errealizadore moduan. Nos-otr@s film laburrean Unai semearekin egin du lan.

Unesco etxeak antolatutako Eman minutu bat bakearen alde lehiaketako sari nagusia jaso duzu. Nolako film laburra da?
Minutu bat da eta minutu batean zaila da gauza asko kontatzea. Bake positiboaren inguruan izan zen lehiaketa. Bakea indarkeria gabezia bat da baina bake positiboa da bakea oinarri hartuta aurrera begira egin behar diren gauzak. Bakea eta giza eskubideen inguruan hitz egiten du filmak, baina nork bere girora eraman dezake filma.

Epele ondoan, Etxezarretan grabatuta dago. Irudi nahiko poetikoak erabili dituzu.
Bai, saiatu naiz leku zahar bat bilatzen, janda dagoen lekuren bat. Irudikatu nahi dudan egoera izan da: justizia eza eta desoreka giroa. Han gure seme Unai kokatu dut, niretako munduko ederrena dena. Kontraste hori irudikatu dut: Unaiek gu guztiak irudikatzen ditu, giza eskubideak denonak dira eta berdinak izan beharko lirateke denondako, baina ez dira errespetatzen.

Ideia argi izan arren, ez da samurra izango minutu batean dena kontatzea. Nolako lana izan da?
Nahiko lanpetuta bizi naiz, hortaz lanetik etxerako tartea aprobetxatzen du idazteko. Niretako zaila izan zen hainbeste ideia minutu bakarrean sartzea. Badaude umeen kontuak, baita emakumeen aurkako erasoen kontuak, baita giza eskubideak denondako izan behar den hori... batez ere mezua izan behar da bakea ez dela indarkeria gabezia bakarrik. Bakea arnasa hartzea moduan da; ez baduzu bakerik ezin duzu beste ezer egin. Euskal Herrian antzerako prozesu batean gaude orain. Beste herrialde batzuetan, Ipar Irlandan esaterako, bake prozesuak eman direnean, indarkeria geratu denean pausoak eman dira aurrera egiteko. Gure herrira ekarrita, ikusten dugu ez dela ezer mugitzen. Bultzada hori, bake positibo hori islatu gura izan dut.

Zure semearekin, Unairekin egin duzu lan. Zelakoa izan da hori?
Umeekin lan egindakoa naiz, eta esan behar dut ikaragarri gustatzen zaidala. Pertsona gordinak dira, izan behar diren modukoak. Unaik, esaterako, jaio denetik kamera bat izan du aurrean eta oso ohituta dago. Artista hutsa da! Zatika joan ginen grabatzen. Unaik ulertu egin behar zuen zati bakoitzak zer esan gura zuen. Esan daiteke samur egin dugula lan; gainera, benetako irudiak dira. Jolasean dagoenean benetan dago jolasean, eta negarrez dagoenean benetan dago negarrez.

Otsailaren 3an banatu zituzten sariak. Espero zenuen?
Ez. Banekien finalisten artean nengoela, baina besterik ez. Bideo finalistak han eskaini zituzten eta batzuk oso landuta zeudela iruditu zitzaidan. Gainerakoetan, ostera, iruditu zitzaidan bake positiboaren kontzeptua ez zutela ondo jorratu. Askotan tendentzia izaten da denuntzia bat egitea: egora txarrak erakustea. Nik uste dut ideia ez zela hori.

Saria Kongora bidaia izango da, dokumental bat grabatzeko.
Kongora joango gara, ekialdera, Kibu aldera. Gerrak bizi izan zituztenean asko entzuten genuen hango egoerari buruz, baina orain ez da ezer entzuten. Egoera oso kritikoan bizi dira baina iparraldeari ez zaio komeni zer gertatzen den jakitea. Uztailean joango naiz, Unai Aranzadirekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak