Lodosako Ibaialde ikastolari elkartasun ekitaldiak gaur Debagoienean

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 24a

Lodosako ikastolaren aldeko jaialdia antolatu dute gaurko, egubakoitzerako, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten. Arizmendi ikastolak egin du deialdia. Txanponez eta elkartasunez bete nahi ditu dituzte Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasateko herriko plazak. Hain justu, Lodosako ikastolaren aldeko ekitaldi berezia antolatu dute, haren egoera ekonomiko larria dela eta.

'Ikastola hemen bai. Lodosan zergatik ez?'

Lelo horren bueltan antolatu dute egubakoitzeko ekitaldia. Izan ere, "euskaltzale eta ikastolazaleon barruetan, Lodosakoa bezalako gertakariek era horretako galderak" sortzen dituztela azaldu dute Arizmenditik.

Eta gehitu dute: "Ikastola eredua, gure eredua, beharrezkoa da euskaraz bizi eta euskalduntasunean hazi, hezi eta garatzeko. Euskarazko irakaskuntza baino haratago doan irakaskuntza euskalduna egitea da gure xedea, hemen, Leintz bailaran, Lodosan, eta Euskal Herriko lurralde guzti-guztian. Zazpi lurralde banaezinetan".

Nafarroan ikastolak desagertzeko bidean

Oro har, ikastolen egoera batere erraza ez dela azpimarratu dute, baina lurraldearen arabera, "are gogorragoa" dela. Eta zehazki Nafarroako ikastolen kasuan egoera "hil ala bizikoa".

Esan dutenez, Nafarroan familia asko daude ikastolen aldeko hautua egiteko prest, "baina Foru Gobernuak ikastolei inposatutako finantzaketa-ereduak eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak orain arte egin dituzten ekarpenak bertan behera uzteak Nafarroan ikastolak desagertzeko bidean jartzen ditu".

Horren haritik, Lodosako Ibaialde ikastola "kinka larrian" dagoela azpimarratu dute, eta elkartasuna dela geratzen den bide bakarra: "Gu moduko ikastola bat, gure arteko bat, gaizki dago. Horrek ezin gaitu indiferente utzi. Ezin gara lasai eta ondo sentitu gure arteko bat ez badago ondo".

Testuinguru horretan antolatu dituzte egubakoitzeko Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko jaialdiak. Berezitasun batzuk izango dituzte arren, hezurdura antzekoa izango dituzte hirurek. Gainera, Lodosatik 60 bat laguneko ordezkaritza ere etorriko da eta hiru herritako ekitaldietan hartuko dute parte.

Hiru herrietako ekitaldiak

Eskoriatza:

  • 15:00: Almen eta Jose Aranako ikasle-irakasleak plazan elkartu eta txanponak pankartan uzten joango dira. Ondoren, Ibaialderen aldeko manifestua irakurriko da.
  • 16:00: Aurpegi-margoketa eta Ibaialderen aldeko bertsoak. 16:30 Bideoa eta eragileen parte hartzea.
  • 17:00: Txokolatada.
18:00 Txistulariak.
  • 19:00: Bukaerako ekitaldia.

Aretxabaleta:

  • 15:30: Almen eta Basabeazpiko ikasleen ekitaldia.
  • 17:00: Trikitilariak + txosna + haurrentzako tailerrak + murala + Lodosako
    Ikastolako denda.
  • 17:30: Loramendi bertso-eskolakoen saioa.
  • 18:00: Kanta herrikoiak.
  • 18:30: Herritarrak dantzan.
  • 19:00: Bukaerako ekitaldia: txalapartariak + bertsolariak + Ibaialde eta Arizmendi Ikastolako ordezkarien agurra.

Arrasate:

  • 14:15: Ikasleen desfilea herriko plazatik Lodosako Ibaialde ikastolari elkartsuna adierazteko.
  • 15:00-16:30 eta 15:30-16:30: Sebero Altuben Argitxoren agerpena Haur Hezkuntzako ikasleekin dantzan egiteko.
Laubide plazan Lehen Hezkuntzako ikasleak "SOS Lodosa Ikastola" lurrean irudikatzeko.
  • 16:00: Goikobalu abesbatzaren emanaldia.
  • 16:30: Karaokea Txatxilipurdiren eskutik.
  • 17:45: Herrixa dantzan saio berezia haur eta gurasoak elkarrekin dantzan Patxi
    Monterok zuzenduta.
  • 19:00: Argitxoren agerpena herriko plazan eta Lodosako ordezkariaren eta Arizmendi Ikastolako ikasle, guraso eta langileen azken agurra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak