Aurrekontuko 321,4 milioietatik 80,1 Hezkuntza Sailak ipintzen du, eta 32, Industria Sailak. Bestalde, Lanbideren aurrekontuetan jasotako 179,3 milioi ere Plan horretarako erabiliko dituzte. Gainera, 30 milioi gehituko dituzte, joan den irailean iragarri zen enpleguaren aldeko konpromisoa betetzeko.
Planak proposatzen du Lanbide sendotzea, "planaren funtsezko pieza" baita.
Hona hemen Langabeziaren Aurkako 2012ko Planaren ardatzak: pertsonei "arreta indibiduala" ematea, "orientazio, prestakuntza eta bitartekaritzako zerbitzuen bidez"; enpresen eta langileen "beharrizanei, enpleguari eta prestakuntzari erantzuteko zerbitzua garatzea" eta "enpresa-ekimen berriak sortzea eta autoenpleguari babesa ematea"; eta lurralde-oreka gordetzea, langabezia maila handiena duten eskualdeetan eraginez; tartean, Debabarrena aipatzen du.
Lanbide Heziketa Sistema Integratua sortuko dute
Lanbide Heziketako Sistema Integratua eraiki nahi du ere Planak eta, horrekin batera, "enplegu-aukera eta enplegagarritasuna hobetzeko orientazio, informazio, prestakuntza eta gaitasun-aitorpeneko eredu berri bat garatzea". Horrekin eskuratzen diren gaitasunak aitortu egingo dira Espainian eta Europan dauden sistemekin modu homologatuan, "eta horrek mugikortasuna erraztuko" duela esaten du testuak.
Planak, guztira, 11 ekintza-neurri proposatzen ditu 2012an langabeziari aurre egiteko. Aipagarrienen artean hauek daude: indarra hartzen dabiltzan sektoreetan praktikak edo lan-esperientzia sartzen duten prestakuntza-programak; prestakuntza eta enpresetan lan egitea bateartzea, besteak beste "kualifikaziorik gabeko gazte langabetuak erreskatatzeko"; laguntzak langabezian dauden gazteek hizkuntzak ikas ditzaten; EAEn edo atzerrian prestakuntza eta praktikak "txandakatzen" dituen programa bat prestatzea, gazte tituludunendako; edo Ekintzailetzako Euskal Zerbitzua sortzea.
ELA eta LAB sindikatuek ez dute plana izenpetu. LABek planaren "hipokresia" salatu zuen. Dena dela, beharbada sindikatu horiei keinu gisa, sinadura-ekitaldian Lopez lehendakariak esan zuen Euskadi "indarrak batzeko gai" dela.
Gemma Zabaleta Enplegu sailburuak, bere aldetik, esan zuen "gertu egon behar" duela Euskadik "ekonomia berpizten denerako".