Lehenbizikoan herriko laupilotazale izango dira lehian, Aska-ren koadrilakoak tartean. Andoitz Garitanok eta Patri Bideluzek Patxi Puertas eta Patxi Aiastuiren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Bigarren partiduan, Mikel Goñi ezagunak Beñat Iñarra bergararrarekin osatuko du bikotea: Eneko Muguruza bergararra eta Lasa III.a izango dituzte aurkari.
Bi partiduen artean ekitalditxo bat egongo da Askaren askatasuna aldarrikatu eta bere lagun eta senideei elkartasuna adierazteko.
21 urte kartzelan
Mikel Askasibar Herrerako espetxean dago gaur eta joan den otsailaren 9an 21 urte bete zituen kartzelan. Aurten kalera atera beharko luke 3/4 legea errespetatzen badiote (jasotako zigorraren hiru laurdenak beteta ditu), eta Parot dotrina ezartzen ez badiote behinik behin. Horixe azpimarratu zuten 21 asko dira plataformako kideek.
Zapatuan Udal Pilotalekua betetzea da plataformako kideen helburua. Bergarako libre taldekoek 'Aska'-ren aldeko kanpaina jarri zuten abian otsailaren hasieran eta zapatuan frontoira joateko gonbidapena luzatu diete herritarrei. Sarrerak 3 eurotan izango dira salgai.
Udal gobernuaren elkartasuna
Udal Gobernuak bat egin du Udaleko langileek asteleneko osoko bilkurara begira aurkeztutako idatziarekin.
Mikel Askasibar Aska eta haren senitartekoei elkartasuna adierazi nahi die Udal Gobernuak; zigorraren hiru laurdenak beteta dituelako askatasuna eskatzen dute: "21 urte asko direlako, salbuespeneko neurri guztiak desaktibatzea eta askatasuna aldarrikatzea, baita hori gauzatu bitartean Euskal Herriko espetxe batera gerturatzea eta azkenik, datorren larunbaterako [biharko] antolatu diren ekitaldi eta ekimenak babestea".