Sukaldaritza, Teknika eta Produktu masterra jarri du abian Basque Culinary Centerrek

Irati Goitia 2012ko otsailaren 23a

Gaur inauguratu du ofizialki Basque Culinary Centerrek Sukaldaritza, Teknika eta Produktu masterra. Sukaldaritza tradizionalaz eta modernoaz gain, mundu osoko produktuak landuko dituzte ikasleek.

Adierazi dute munduko edozein lekutan lanean diharduten sukaldaritzako profesionalentzako erreferentzia izango dela gaur inauguratu duten masterra. Hala, profesionalei zuzendutakoa da eta sukaldaritza garaikideko joeretan egingo dute lan. Hain zuzen, masterraren helburua da: ikasleek sukaldaritza garaikideko teknikak eta sukaldaritzaren eboluzioa ahalbidetu duten teknika tradizionalak sakon ezagutzea. Horretarako, mundu osoko produktuekin egingo dute lan eta metodologia praktikoa eta berritzailea erabiliko ei dute.

Izardun irakasleak

Irakasle titularrak Xabier Gutierrez, Angel Palacios eta Luis Arrufat izango dira. Lehena, Arzaken laborategiko I+G arduraduna da; bigarrena, La Brocheko sukaldari-buru exekutiboa; eta, hirugarrena, El Bulliko gozogintza-burua sei urtez. Horiez gain, besteak beste, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz eta Eneko Atxa izango dira euskal irakasle gonbidatuak. Mintegiak, berriz, nazioarteko (Michel Bras eta Massimo Bottura) eta estatuko (Joan Toca, Xavier Pellicer eta Mateu Casanyas) sukaldariek emango dituzte.

Hainbat herrialdetako ikasleak

Guztira 20 ikaslek osatuko dute Mondragon Unibertsitateak uztailera bitartean emango duen graduondoko titulu honen lehen promozioa. Ikasleen %50 beste herrialde batzuetako da, besteak beste: Peru, Mexiko, Brasil, Argentina, Kolonbia, Italia, Frantzia eta Txile.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak