Eduardo Zubiaurre: "Lanean, denok ikasi beharko dugu gauzak beste modu batera egiten"

Leire Kortabarria 2012ko otsailaren 22a

ADEGI Gipuzkoako Enpresen Konfederazioko presidente Eduardo Zubiaurrek Goiena Magazinea-n esan zuenez, "lan-erreformak enpresan ipintzen du fokoa, eta egoerari egokitzen uzten dio".

Lan-erreforma "aurrerapauso" gisa baloratu duzue ADEGIk eta Confebask-ek. Zergatik?
Enpresak luzaroan eskatzen genuen erreforma delako. Espainian zegoen lan-araudia eta lan-harremanak oso zurrunak ziren; berritu egin behar ziren, lehiakortasun egoera berrira egokitzeko. Zurruntasun hark aldatzen doazen egoeretara egokitzeko izugarrizko eragozpenak zekarzkion enpresari, egokitzapenak zirenak zirela: lan-baldintzak, lan-orduak edo aldaketa funtzionalak.
Fokoa enpresan ipintzen du lan-erreformak, eta hainbat bitarteko ematen dizkio, arrazoiak daudenean, era azkar, ekonomiko eta eragingarrian aldaketak egiteko eta berriz bere funtzioa betetzeko: lana eta aberastasuna sortzea.

Neurri horiek lehenago hartu izan balira, oraindik krisian geundeke?
Krisiak arrazoi asko ditu, eta ahulenak gehien sufritzen du. Zorionez, Euskal Herrian eta Gipuzkoan hobeto egin diogu aurre krisiari, lanpostuak hobeto babestu ditugu; baina arazoak zituzten enpresak –txikiak, eraikuntzarekin lotura handia zutenak, Espainiako merkatura saltzen dutenak– benetan arazo larrietan egon dira eta zailtasunak izan dituzte neurriak hartzeko; malgutasunik ez zuten eta dena zen baimen administraitbo bidez, adostasun bidez, epaileen bidez, modu luze, garesti eta iskanbilatsuan.
Hemen bertan beste eredu bat dugu: kooperatibetan beste arau batzuk, beste lan-harreman batzuk dituzte, eta gai izan dira malgutasunez egoera berrira egokitzeko, azkar, merke eta iskanbila barik; lanposturik ez deusezteko eta berriz erraz kontratatzeko. Zoritxarrez, hori ez da enpresa pribatuan gertatzen.

Europako beste herrialde batzuek hartuta dituzte antzeko neurriak. Hemengo ezaugarriak hango berberak direla uste duzu, erreformak bere helburua bete dezan?
Antzeko ezaugarriak dira. Europan, malgutasunezko lan-harremanak dituzte, eragile sozialen eta administrazioen arteko konfiantzan oinarrituta, eta horrek eraraztu egiten dio enpresari baliabideak izatea. Hori ikasi behar dugu guk. Lan-erreformarekin, aro berri bat dator, eta denok ikasi beharko dugu gauzak beste modu batera egiten: modu egonkorragoan kontratatzen, enpresan ados jartzen, erabakiak azkar hartzen; eta enpresek ere beste modu batera kudeatzen ikasi beharko dute. Guretzat oso aro baikorra, zuzena eta eragingarria izango da, errazagoa izango delako modu samurrean eta egonkorrean kontratatzea.

Flexisegurtasuna delakoa lor daiteke?
Badira lauzpabost urte ADEGI hori sustatzen dabilela. Danimarkan egon ginen, han orain mende bat jarri zutelako martxan, eta eredu hori beste herrialde askotara dago moldatuta. Flexisegurtasunak dio oreka bat dagoela: enpresari malgutasuna ematen zaio era azkar baten egoera ezegonkorretara egokitzeko eta berriz lanpostuak sortzen hasteko, eta hori erraz egiten du, modu ez konfliktibo eta merkean. Beste aldea segurtasuna da, eta hori ez da norbera bere lan-bizitza osoan lanpostu berean, enpresa berean, gauza bera egiten egotea; segurtasunak esan nahi du sistemak bermatzen diola bere lan-bizitza osoan aktibo egotea. Langabezian dagoenean ere, babes-sarea dauka, eta hemen ere badago hori: langabezia sarea, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, bestelako diru-sarrerarik ez duenean; eta pertsona hori hezi egiten da, birgaitu egiten da lanerako; eta lana aurkitzen du. Gainera, eredu horretan, lana eskaintzen duena enpresaburua da, eta oso erraz sortzen ditu lanpostuak. Danimarkan, norbera hiruzpalau hilean egoten da langabezian, batez beste.

Lan-erreformari kritikatzen diote kaleratzea errazagoa eta merkeagoa izango dela. Zer diozu?
Izan daiteke. Garrantzi handiagoa ematen diogu guk enpresari hainbat bitartekari ematen diolako aldaketa funtzionalak egiteko: lan-orduetan, soldatetan; EREetan, zergatik ez… Zoritxarrez, denondako lanik ez duenean, erabakiak hartu behar izaten dituenean, errazago eta baimen administratibo barik epe motzean halako erabakiak hartu ahal izango ditu. Gakoa dago enpresa ez ixtean, enpresa delako, bere onera itzultzen denean, lanpostuak sortuko dituena. Bermatu behar dugu krisitik enpresak bizirik irten daitezen.

Lan-hitzarmenak negoziatzeko modua zeharo aldatzen da, ezta?
Lehentasuna ematen dio enpresari, bai. Orain arte, lehentasuna sektoreko hitzarmenak zuen, eta horren azpian egon zitezkeen enpresakoak, estatukoak… Aurrerantzean, beste hitzarmen batzuk egon arren, enpresako pertsonak ados jartzen badira, hitzarmen horrek izango du lehentasuna. Hori ere ona da, adostasunak enpresa jakin baten egoerara egokituta egongo direlako.

Otsailean bertan, Gipuzkoa berriz krisian sartuko dela eta aurten 1.300 lanpostu galduko direla esan zenuten. Berretsi egiten duzu hori?
Gipuzkoako enpresek urtarrileko inkestan berretsi egin digute egoera okertzen ari dela, eskaera-zorroak txikitzen doazela, euren bezeroak ere arazoekin dabiltzala, eta logikoa da, Europa osoa atzeraldian egongo delako aurten: Espainia oso atzeraldi gogorrean dago; Italiaren BPG %2 txikitu da; Alemania eta Frantzia oso gutxi hazi dira… Hortaz, gu ere atzeraldian egotea ez da harritzekoa.

Espainiako Gobernu berriaren neurriek lagunduko dute?
Espainiari Europak egin dion diagnosia eta eskatu dizkion neurriak hor egon dira luzaroan; aurreko gobernuak esan asko, baina egin, oso gutxi egin zuen, eta aurtengo gobernuak etxeko lanak oso argi ditu eta borondate hori badauka: defizita kontrolatu nahi du; finantza sistema osasundu beharra dago; lan-merkatua, energia, ikerketa, garapena, heziketa…beste erronka batzuk ditu, baina gobernu hau gehiengoan dago eta, borondatea edo beharra daukalako, gutxienez ekimenez ari da bide zuzenetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak