Bezeroei "pazientzia eta babesa" eskatu diete Deman SAko langileek

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko otsailaren 20a

Mugagabeko greban dauden urtarrilaren 24tik. Autobar enpresa multinazionalak erosi egin du Deman SA eta berrantolaketarekin sei langile kaleratuko dituzte. Madrilen beharrean, negoziazioa hemen eman dadila nahi dute eta kaleratzeak traumatikoak ez izatea.

Hain justu, gaur, astelehena, egin dute agerraldia salmenta-makinen arloan –kafe-makinak…– diharduen Deman euskal enpresako ordezkariek grebaren arrazoien berri emateko. ELAk Bergaran duen egoitzan egin dute prentsaurrekoa, izan ere, Debagoienean 100 bezerotik gora dituztela azaldu dute, hala nola,  Eskualde Ospitalea, Arrasateko Udala, Garay, Zahor, Torunsa, Tavesa, Arcelor eta Tesa. Eta egunotan zerbitzurik gabe daude.

Auziaren abiapuntua, negoziazio-batzordea

Agerraldian azaldu dutenez, uztail amaieran hasi ziren gora beherak, Autobar multinazionalak Deman erosi zuenean: "Madrilera batzar batera deitu gintuen zuzendaritzak eta jakinarazi zigun fusio prozesua abiarazi behar zuela Estatuan absorbitu zituen salmenta-makina enpresa guztiekin. Era berean, esan zigun berrantolaketa horren ondorioetako bat izango zela jendea sobratuko zela. Hala, EREa abiatuko zutela ere esan zuten eta hori negoziatzeko batzorde bat osatzeko ideia planteatu zuten; 26 delegatuz osatuta batzordea. Eta hor hasi zen lehen desadostasuna".

Hain justu ere, 26 ordezkari horietatik 21, CCOO eta UGT sindikatuei zegozkien; 2, ELAri; eta bana, LAB eta USOri. Baina ELA ez dago konforme negoziazio mahai horrekin eta uko egin zion ordezkaritzari: "Demanen gehiengoa ELAra afiliatuta dago, eta neurri txikiagoan LABera. Ez dago persona bat bera ere UGT edo CCOOra afiliatuta. Hortaz, ez dugu mahai hori onartzen".

Negoziazio-esparrua, Euskal Herria

Eta hala jakinarazi zioten zuzendaritzari: "Gure negoziazio-esparrua Euskal Herria dela, zehazkiago Urnieta, hortxe dagoelako gure egoitza nagusia. Madrilgo negoziazio-batzordeak ez ditu ordezkatzen ez gure langileak, ez gure errealitate sindikala, ez eta gure lurraldea ere".

Baina zuzendaritzak Madrilgo negoziazio-batzordean adostutakoa hemen ere ezarriko zela jakinarazi zien. Hala, abenduaren 28an akordiora iritsi ziren zuzendaritza eta negoziazio-mahaia eta besteak beste 120 lagun kaleratzea adostu zuten –sei Demanekoak– eta baita ELAri gutxi iruditzen zaizkion zenbait indemnizazio ere.

ELAko ordezkarien gehitu dutenez, zuzendaritzari behin eta berriz eskatu diote hemen negoziazio-mahai paraleloa, baina beti erantzun bera jasotzen dutela azpimarratu dute: "Madrilgo akordioa hemen ere ezarriko dela". Horrekin batera, kaleratze traumatikorik ez izatea ere eskatu diote zuzendaritzari.

Greban hilaren 24tik

Urtarrilaren 24an aplikatu zituzten lehen kaleratzeak eta egun horretan hasi zuten mugagabeko greba "gure lanpostuak eta eskubideak babestearren”. "Ia hilabete pasa dela ere gehitu dute, baina egoera berean daduela: "Enpresak apustu gogorra egin du, baina guk ere bai eta bien bitartean bezeroak galtzen ari dira".

Hori horrela, "esfortzua eta pazientzia” eskatu diete Debagoieneko bezeroei, "berezoek iraun bitartean guk borroka mantenduko dugulako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak