'Wilt': umore eta tonu garratza

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko otsailaren 17a

Tom Sharpen elaberrian oinarrituta Wilt; panpina puzgarriaren hilketa antzezlana ekarriko du gurera Ados antzerki taldeak. Urtarrilaren 15ean estreinatu zuten antzezlana Errenterian. Gurean, Oñatin eta Arrasaten eskainiko dute. Gaur, egubakoitza, Oñatiko Santa Ana antzokian izango da, 22:30ean; eta etzi, domeka, Arrasateko Amaia antzokian, 19:30ean.

Jose Antonio Vitoriak eta Gabi Losadak egin dute eleberriaren egokitzapena. Taula gainean bost aktore ikusiko ditugu, baina pertsonaiak makina bat izango dira. Mikel Laskurainek Wilten papera egingo du eta Isidoro Fernandezek polizia-inspektorearena; gainerako hiru aktoreek, ostera, pertsonaia bat baino gehiago antzeztuko dituzte. Modu horretan gizartean dauden mailak erakutsiko dituzte.

Antzezlanak Sharpen eleberria du oinarri: komedia dibertigarria da, oso elementu ezberdinak nahasten dituena, literatura irakaslea, desagertutako emaztea, hormigoian lurperatutako panpina, polizia ikerketa zoroa eta beste egoera surrealista batzuk istorio bizi batean korapilatzen dituena. Henry Wilt, batez ere, itxaropena galdutako gizona da. Arte eta Lanbide Eskola batean dihardu literatura irakasle, batere interesik ez duten igeltsero, iturgin edo argiketari gaiekin. Emaztearekin ere ez da zoriontsu. Aspaldi ez du Eva jasaten, emazte heldugabe eta txepela. Baina Wiltek ihesbidea du: egunero, txakurra paseatu bitartean, emaztea hiltzeko eta gorpua desagerrarazteko moduak pentsatzen ditu. "Halako batean, panpina puzgarri bat hartzen du eta panpinarekin proba egitea pentsatzen du. Ileordea janzten dio eta zulo batera botatzen du, baina halako zorte txarra du, ikusi egiten dute. Kasualitatez, andrea haserretu egin da eta etxetik alde egin du nora joan den esan barik. Orduan, poliziak uste du andrea benetan hil duela eta gizona gezurretan dabilela. Hortaz, gezurrak asmatu behar ditu denbora egin dezan andrea agertu arte", azaldu du Mikel Laskurain aktore bergararrak. "Gizajoari bizitza aldrebestu egiten zaio", gaineratu du Laskurainek. Wilt nolakoa den eta ea hura ulertzen duen galdetuta, Laskurainek argi dauka: "Ez, nekeza da ulertzea gizon hau, zergatik ez duen aldaketa bat egiten bere bizitzan".

Antzezlanaren oinarrian gizarteari egiten zaion kritika latza dago. "Kritika egiten dio sistema eskolarrari, poliziari, elkarbizitzari...", dio Laskurainek. Guztiei eta denari egingo die barre, ezerk ez dio bere ikuspegi ironikoari ihes egingo: familia, heziketa, lesbianak, aberatsak, behartsuak, ikasleak, polizia, eliza, irakasleak, etxeko andreak, kontsumismoa, modak, eskuineko pertsonak, ezkertiarrak, ideologia gabekoak, haragi opilak… Sharp pertsonaia arruntetatik abiatzen da errealitatea bihurritzeko.

Erritmo biziko ikuskizuna

Ordu eta erdi inguru irauten du antzezlanak. Ikuskizunaren kontaketaren erritmoa arina izango da, denboran zein espazioan trantsiziorik gabe salto egitea ahalbidetuko duena. Elkarren segidan eta kokapen ezberdinetakoak diren eszena laburrek osatuko dute istorioa. Eszenak eta pertsonaiak elkarren atzetik etorriko dira, aldez aurretik sumatu gabe eta aurkezpenik gabe. Helburu horretarako, eszenografia aldakorra erabiliko dute, eta, horri esker, eta argiztapenaren laguntzaz, erabateko espazio aldaketak egin ahal izango dira ilunetatik zein beste trantsizioetatik pasatu gabe. Hiru plano erabiliko dituzte eta horiek tartekatuz joango dira planoek, istorioak hala eskatzen duenean, bat egin arte. Pertsonaiak arintasunez, berehala pasako dira espazio batetik bestera, akzioari generoak eskatzen duen erritmoa emanez.

Euskalkien protagonismoa

Ados antzerki taldeak euskararen aldeko apustu garbia egin du antzezlanarekin. Euskaraz ekoitzi du lehenengo –asmoa da udazkenean gaztelerazko bertsioa egitea– eta, gainera, euskalkiei lekua egin die. Hala, Bergarako euskara entzuteko aukera egongo da, besteak beste, Santa Anan eta Amaia antzokian. Mikel Laskurainek, beste antzezlan eta telesail askotan egiten duen moduan, etxeko euskara erabiliko du agertokian; Aitziber Garmendiak goierritarrez egingo du; eta Miren Gojenolak lekeitiarrez.Aktore bakoitzak bere euskara, bere esamoldeak eta bere esapideak erabiliko ditu eta horrek umorea egitea erraztuko du; azken batean, antzerkia egitea. Horren harira, Laskurainek esan du: "Oso kritika onak izan ditugu: naturaltasuna, gertutasuna eta sinesgarritasuna ematen duela esan digute".
Edonorendako ikuskizuna da, eta lantaldearen asmoa jendarte multzo zabala, antzokian dibertitzeko gogoa duena erakartzea da. Bide batez, Sharperen lanean sumatzen den zalantzazko ikasbideaz hausnartze gura dute: "Esan gezurra besteek sinesteko". Batzuetan, modu bakarra dela diote Ados antzerki taldeko kideek. Mikel Laskurainek zera dio: "Etor daitezela umoretsu eta eramaten laga daitezela. 'Benga, bota!' esan dezatela eta etorri ahala disfruta dezatela". Umorea eta barrea ez dira faltako!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak