Eroskik kooperatiba bihurtu ditu bi sozietate, eta 4.000 bazkide berri ditu

Leire Kortabarria 2012ko otsailaren 16a

Kooperatibarik handiena izateko bidean doa Eroski. izan ere, Gaztela eta Leongo Eroskiren bi sozietatek kooperatiba izatea onartu dute, eta kooperatibista bihurtuko dira hango 4.000 langile, Mondragon Korporazioak aditzera eman duenez.

Gespa Hipermercados eta Gespa Cenco sozietate zibiletan langileek negozioen kapitalean eta kudeaketan parte hartzen dute, eta otsailean egingo dituzte langileen Prestakuntza Batzar Bereziak, beren elkarteak sozietate misto bihurtzeko proposamenei buruzko informazio formala jasotzeko. Batzar horiek martxoan behin betiko kooperatiba izatea erabakiko duten Batzar Nagusien aurrekoak dira.

Azken fase hau langile gehienek proiektuarekiko atxikimendua adierazi eta gero iritsi da; horrenbestez, kooperatiba misto bateko bazkide bihurtuko dira, eta horrek esan nahi du langileek banaketa taldearen sozietate matrizearen (Eroski kooperatibaren) antzeko barne antolamendua izango dutela.
Gaztela eta Leongo hipermerkatuen eta supermerkatuen sozietateak prozesua martxan jarri duten lehenak dira. 4.000 langilek aurten kooperatibista izatea erabaki dute, kooperatiba berrietan bazkide eginez.

"Eredu kooperatiboa zaindu eta indartu nahi da"

Orain hiru urte, 2009ko urtarrilean egindako Ezohiko Batzar Nagusian jarri zuen martxan Eroskik orain garatzen dabilen prozesua, bere bi sozietate kooperatiba misto gisa formalizatzeko aurretiazko urrats gisa. 
Negozio horietako langile guztiei  borondatez atxikitzea eskaini die Eroskik, langileak kooperatibista izan daitezen, lan elkartuko kooperatiba mistoak eratuz. "Ondorioz, langile talde osora zabaltzen da kooperatibako langile bazkideen berezko izaera soziolaborala", esaten du Mondragon Korporazioak.
"Ekimenaren bitartez Eroskiko kudeaketa eredu kooperatibo berezia zaindu eta indartu nahi da, eta talde osoari eraginkortasuna eta lehiakortasuna gehitu, aurrerantzean langileek konpromiso handiagoa izango baitute, bazkideak diren heinean eta enpresaren kudeaketan eta emaitzetan parte hartuko duten heinean", azaltzen du korporazio kooperatiboak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak