Otsailaren 24an txanponez eta elkartasunez bete nahi ditu Arizmendi ikastolak Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasateko Herriko Plazak.
Hain justu, Lodosako ikastolaren aldeko ekitaldi berezia antolatu dute, "oso egoera ekonomiko larrian dagoelako eta ikastolaren etorkizuna bera kolokan dagoelako", Andoni Mujika Arizmendiko lehendakariak azaldu duenez. Nafarroako Foru Gobernuak ikastolei ezarritako finantzaketa-ereduak eta Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak orain arte egin dituen ekarpenak bertan behera uzteak Nafarroan ikastolak desagertzeko bidean jarri ditu. Gauzak horrela, Lodosako ikastola "kinka larrian dago eta elkartasuna da geratzen den bide bakarra", gehitu du Mujikak, eta horren harira "Arizmendi ikastola bailaran ekimenaren eragile eta bultzatzaile" izan behar dela uste dute.
Hori horrela izanda ere, eragile ezberdinak gonbidatu nahi dituzte ekitaldira euren ekarpen ekonomikoa egin dezaten eta Lodosako ikastolaren egoerarekiko elkartasuna adieraz dezaten.
Txanponak pankarta gainean
Hiru herrietan egingo diren ekitaldiak 15:00etatik 19:30era bitartean izango dira. 14:30etik aurrera Arizmendiko guneetatik herrietako plazara joango dira ikasle-irakasleak eta bakoitzak txanpon bana lagako du lurrean egongo den pankartaren gainean. Pankarta horretan Lodosako ikastolaren logoa eta Arizmendik horren harira sortu duen irudi berezi bat egongo dira.
Gune bakoitzetik plazarako ibilbidea oinez egingo dute guztiek trikitilariekin kalejiran eta herrietako kaleak zeharkatuz. 15:00etatik 16:30era Arizmendiko ikasleei begira egingo dira ekintzak, eta 16:30etik aurrera, berriz, herritar guztiei begira.
Beste gauza batzuen artean, musika, dantza eta txoolatada egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.
Andoni Mujika: Arizmendiko lehendakaria"Euskararekiko sentsibilitatea duten guztiak daude gonbidatuta ekitaldira" |
|
Zergatik antolatu duzue ekitaldi hau? Ikastolen mugimenduak historian zehar izan duen egiteko modu oso batean kokatu behar da ekitaldi hau: elkartasuna, sarea, euren arteko laguntza eta beste hainbat mekanismo hasieratik martxan dituenak. Bestetik, Arizmendi ikastola bera gizarteko, euskalgintzako eta Euskal Herria eraikitzeko gizarte eragile den heinean ekimen bat gehiago da. Herritar guztiak gonbidatu dituzue parte hartzera. Ikastola gu garenez gure erantzukizuna da ekitaldia antolatzea, baina Nafarroan ikastolak bizirik jarraitu dezan eta euskarak bizirik jarraitu dezan euskaltzale eta euskararekin sentsibilitatea duten eragile guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera. |