Partaidetza bultzatzeko, 690.000 euro banatuko ditu Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2012ko otsailaren 15a

Diputatu Kontseiluak atzo onartutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 690.000 euroko diru-laguntza emango du aurten, herritarren partaidetza sustatzeko. Lehenengo aldiz deitu ditu Foru Aldundiak mota horretako diru-laguntzak. Bi deialdi izango dira: bata udalentzat eta herri erakunde eta mugimenduentzat, bestea. Zapatutik aurrera aurkez ditzakete eskaerak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "Euskal Herrian eta Gipuzkoan betidanik" egon den parte hartzeko kultura  "berreskuratu eta hedatu" nahi du: "Gipuzkoako herritarrengana demokrazia zabaldu, Gipuzkoako instituzioak ireki eta, horretarako, herritarren parte-hartzea erakundeetan bermatu", esaten du.

Foru Aldundiaren ustez, parte-hartzea "prozesu iraunkorra da" eta "hainbat tresnaren bidez" egin beharrekoa. "Bide horretan, udalak ezinbesteko erreferentzia dira. Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak", gaineratzen du Diputazioak. Bestetik, "2011ko hauteskundeen ondoren, Gipuzkoako udal gobernu askok herritarren partaidetzaren aldeko apustu nabarmena egin dutela" deritzo foru gobernuak.

Horregatik, "udalen lanaren garrantziaren jakitun izanik", Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetza sustatzeko diru-laguntza deialdia egiten die: 515.000 euro, guztira. Udalek banaka edo elkartuta aurkeztu ahal izango dute nahi adina eskaera; hartara, herri txikiek proiektu komunak aurkeztu ahal izango dituzte elkarrekin. Proiektu estrategikoak eta herritarren parte-hartzea bultzatzen dutenak hartuko dira kontuan. Udal batek gehienez 18.000 euroko eta gutxienez 3.000 euroko diru-laguntza jasoko du proiektuko.

Deialdia egiten udalek parte hartu dutela esaten du Foru Aldundiak: "Guztira, hainbat sentsibilitateko 40 udal gobernuk jardun dute".

Herri-mugimenduendako, 175.000 euro

Herri mugimendu eta erakundeendako deialdi bat egiten du Foru Aldundiak: 175.000 euro. Udalen kasuan bezala, herri mugimenduek ere batera aurkeztu ahal izango dituzte egitasmoak.

Bi deialdietako baldintza pleguak oraingo egubakoitzean  argitaratuko dira, hilak 17, eta udalek eta herri mugimenduek zapatutik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak