Artzainen lehen azoka martxoan, Jardunaldi gastronomikoetan

Mirian Biteri 2012ko otsailaren 15a

Debagoieneko X. jardunaldi gastronomikoen aurkezpena egin dute gaur goizean. Berrikuntza asko daude; tartean, martxoaren 17an, Arrasaten egingo den Debagoieneko Artzainen lehen azoka. Eskualdean gazta ekoizten duten artzaiak elkarlanean hasiak dira ekimenarekin, eta azoka hori da elkarlan horren lehen pausua.

Egun horretako azokan eskualdeko zazpi gazta ekoizlek parte hartuko dute: Oñatiko Aldai, Azkarreta, Gomiztegi eta Urtiagain; Aretxabaletako Etxezuri eta Mendibitzu; eta Antzuolako Pikunieta.

Aurkezpena martitzenean, Bergaran

Horretaz gainera, Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbideak izeneko proiektu turistikoarekin ere lan egiten hasi dira. Horren harira, martitzenean, otsailak 21, Bergarako Munibe plazan (19:00) egingo dute jardunaldien aurkezpen ekitaldian jardunaldietan parte hartzen duten sukaldariek garaiko produktuekin pintxoak banatuko dituzte Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbideak eskainitako ardoarekin. Ekitaldi berean ardo kutxak eta egonaldia zozketatuko dira proiektu turistiko horren eskutik.

Berrikuntzak ez dira hor amaitzen. Auzolagun enpresa ere Debagoieneko Mankomunitatean 2009an abian jarritako proiektuan parte hartzen hasi da, eta horren harira, martxoaren 31n, enpresa bisitatzeko aukera egongo da.

2x1 promozioa

Bestalde, gastronomia eskaintza turistikoarekin lotzeko asmoz, promozio berezia jarriko dute martxan bisita gidatuetan 2x1 delakoa. Hain justu ere, jardunaldi gastronomikoko menua dastatzen duen bakoitzari 2x1 delako txartela emango zaio, eta aukera izango du eskaintza horretan parte hartzen duten baliabide batean bisita prezio berezian egiteko. Elgetako Gerra Zibilaren ibilbide tematikoa, Oñatiko Arrikrutz kobak, Arantzazuko santutegia, Arantzazuko parketxea, Leintz Gatzagako gatz museoa eta Iturriko gatza mahaian gozo baliabideak daude promozio horretan sartuta.

Otsailaren 25etik apirilaren 15era izango dira jardunaldi gastronomikoak, eta oraingoan bailarako bildotsa, gatzatua eta Idiazabal jatorrizko gaztarekin egindako menuak dastatu ahal izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak