Herrizaingo Sailak 670 eskuko telefono jarri ditu Ertzaintzako 25 polizia-etxeen esku. %40, Bizkaian; %32, Gipuzkoan, eta %28, Araban. Gaur egun, 482 emakumek dute bortxa telefonoa.
Herrizaingo sailetik aditzera eman dutenez, azken bi urteotan, Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, biktimen telefonoetan hainbat hobekuntzak jarri ditu, segurtasuna bermatzeko.
Berrikuntzen artean, mugikorrek 900 840 111 telefonoarekin duten konexioa dago, Ertzaintzarekin harremanetan arin jartzeaz gain, arreta zerbitzua eskaintzen dute egunero, edozein ordutan.
Larrialdi deia
Bortxa telefonoen larrialdi deia botoi bat sakatuz egiten da, iluntasunean ere erraz sakatu ahal dena. Biktimak baieztapen abisu bat jasotzen du eta Ertzaintza lanean hasten da. Biktimaren kokapen zehatza ere jasoko du Ertzaintzak botoi hori sakatzean, mugikorrak duen GPS hargailuari esker.
Mugikorrak 12 ordu baino lehen jarriko dituzte biktimen esku. Telefonoak konexio zuzena dauka kontrol zentroarekin, komisariarekin, 112 larrialdi-zerbitzuarekin eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko telefonoarekin.