Ekimen honen sorrera 17. Korrikaren baitan antolatutako Euskalakari Koplari txapelketaren arrakastarekin lotzen da. Duela urtebeteko hura Bertsozale Elkartearen eta Korrikaren arteko lankidetzari esker egin zen.
Parte hartzen dutenek bideo bat sortu beharko dute, koplak oinarri hartuta. Bi lagunetik gorako taldeetan bildutako lehiakideek sei koplatik hamabira bitarteko sorta bat osatu beharko dute, eta bideo bat grabatu, gai hau ardatz: Euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu, zaitut... Kopla horien bidez, egileek "euskaraz bizitzeko nahia" adierazi beharko dute nahi duten eran. Doinua, libre.
Bideoan grabatutako kopla sortak praktikatuaek@gmail.com helbidera igorri beharko dira martxoaren 25a baino lehen.
Saria talde irabazlearentzako bertso-bazkari edo afari bat izango da, bi bertsolarirekin batera, taldeak eta antolakuntzak adostutako jatetxe batean.
Epaimahaia Bertsozale Elkartea izango da, baina edonork edukiko du bere gustuko bideoa bozkatzeko aukera Praktikatu AEK Facebookeko orrialdean.
Oinarriak PDF formatuan hemendik eskuratu ahal dituzu.