Arizmendi eta Aranzadiko ikasleak, parlamentario lanetan

Txomin Madina Milikua 2012ko otsailaren 14a

European Youth Parliamentek (Europako Gazte Parlamentuak) urtero Europa mailan antolatzen duen lehiaketa edo asanbladan hartuko dute parte bi ikastoletako ikasleek. Hilaren 25ean Arrasaten jokatuko da Erkidegoko kanporaketa.

1987an sortu zen European Youth Parliament (EPY) deritzona, berez europar gazteek Europako gaiak eztabaidatzeko sortutako egitasmoa.  Urtero Europa mailako lehiaketa bat antolatzen dute, eta lehiaketa horretan parte hartuko dute Arizmendi ikastolako bi taldek (ALMENeko eta Gaztelupeko banak) eta Aranzadi ikastolako batek. Lehen aldia izango da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek parte hartuko dutena. Erkidegoko mailako ehen kanporaketa Arrasaten egongo da jokoan eta denera bost talde lehiatuko dira bertan: Debagoieneko hiru taldeez gain, Zornotzako Lauaxeta eta Durangoko Ibaizabal ikastoletako talde bana ere arituko dira.

Ikasleen ideia

Gaur Arrasaten lehiaketaren berri emateko egindako agerraldian azaldu dutenez, bertan parte hartzeko ideia Arizmendiko ikasle den Miren Perezek izan zuen, telebistatik lehiaketaren berri izan zuenean. Elena Errasti Arizmendiik Ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendariaren esanetan, begi onez hartu zuten ikasleek egindako proposamena eta aurrera egitea erabaki zuten. Hainbat onura ikausten dizkiote lehiaketan parte hartzeari. "Aukera on bat ematen digu ikasleen prestakuntzari osotasun edo integraltasuna ematen dio; ekimenak  ikastolako mugak gainditu egiten ditu, eta prestakuntza  beste testuinguru baten lantzeko aukera ematen du, kasu honetan, Parlamentuan" azaldu du Errastik. Gaineratu du lehiaketa honetan XXI. mendeko hiritar batek behar dituen gaitasunak lantzen direla, hala nola gaurkotasuneko gaien inguruan iritzi bat eratzea; komunikatzeko gaitasuna (bestei entzun, argudioak eman, publikoan berba egin, ingelesez berba egin) lantzea; eta dimentsio europar bat ematea.

Esan bezala,  otsailaren 25ean izango da lehen kanporaketa Arrasaten bertan, MUko  Goi Eskola Politeknikoko fakultatean. Esan dute era berean, saioak irekiak izango direla.

Lehiaketaren dinamika

Lehiaketa honen barruan, talde bakoitzak gaurkotasuneko gai sozio-pokitiko-ekonomiko baten inguruko ponentzia bat aurkeztu beharko du eta hori defendatu: taldekide batek dagokion ponentzia irakuriko du ingelesez, eta ondoren beste taldekideak irtengo dira euren ikuspuntua eta argudioak aurkeztera. Aldi berean, beste ikastetxeen ponentziei emendakink jarri eta euren argudioak zalantzan jarriko dituzte. Zailtasunetako bat da, hain zuzen ere, guztia ingelesez egin beharko dutela. Epaimahai baten esku egongo da taldeak balorazioa egitea.

Arrasateko kanporaketako talde bakoitzak  dagoeneko badaki zein gai jorratu beharko duen. Hala, Arizmendiko Gaztelupekoek globalizazioa eta ingurugiroari buruz egingo dute berba; Arizmendiko Almenekoek Ekialdeko Arabiar Udaberria; eta Aranzadikoek Bologna prozesua.

Arrasateko kanporaketaren ostean aurrera egiten dutenek,  udaberrian Sitgesen 25 taldek egingo duten Estatu mailako kanporaketan hartuko dute parte. Hor aukeratuak izango direnak, Europako beste herrialde batzuetakoekin lehiatuko dira.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak