Confebask-ek eta bere erakunde kideek dituzten helburuak "guztiz bat datoz" erreformak planteatzen dituenekin: "enpresetako malgutasun-mekanismoak sustatzea, enpresak lehiakorragoak izan daitezen; eta, ondorioz, enpleguari eustea, enplegua deusezteari uztea, eta enplegu iraunkorra eta ona sortzeko oinarriak ipintzea, gazteak eta luzaroan langabezian egon direnak lan-merkaturatuz; lan-harremanak modernizatzea, autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak babestea, formakuntza indartzea eta enpresa berriak sortzen laguntzea, eta justifikazio bako lan-absentismoari aurre egitea, besteak beste".
"Bereziki baloratzen" du Confebaskek erreformaren helburua izatea "eskaeran eta eskaintzan gertatzen diren aldaketetara euren ekoizpena eta antolakuntza azkar eta samur moldatzen uztea enpresei". Horregatik, enpresaburuendako "oso esanguratsuak" dira langileak kudeatzeko enpresek izango duten malgutasuna. Hori "euskal enpresak aspalditik eskean zebiltzan" neurri bat dela esaten dute Confebask-ek eta bere kideek. Izan ere, "merkatuaren eskaerei erantzuteak egiten du enpresa-proiektu bat bideragarri".
"Gazteei erantzuna zor zien jendarteak"
Garrantzitsua iruditzen zaio ere Confebaski "kontratatzen laguntzeko neurriak" hartzea, "bereziki lan-merkatura sartzeko zailtasun handienak dituztenendako: emakumeak, luzaroan lanik gabe egon direnak eta, oso bereziki, gazteak". Gazteei, Confebasken iritziz, "jendarteak presazko erantzun positiboa zor zien"; izan ere, "bikoiztasun bidegabea" zegoen lan-merkatuan, "jendarteko multzo batzuk kontratatzeko oztopoak jarriz eta beste batzuen baldintzak zorrotz babestuz".
Formakuntza sustatzea da euskal enpresek oso ondo baloratzen duten beste arlo bat.
Halaber, lan-erreformak garbiago uzten du enpresek ze kasutan eten dezaketen kontratu bat, eta hori ere "baloratu" egiten dute Confebask, Adegi, Cebek eta SEAk.
Euskal enpresaburuen iritziz, bestalde, neurriak berandu datoz: "Europako gainerako herrialdeetan aspalditik dauzkate malgutasun neurriak", eta Espainian lehenago hartu ez izanak "azaltzen du zergatik gauden gauden egoeran", dio Confebask-ek.