Lan berriena aurkeztu du Garabidek Andoainen

Julen Iriondo 2012ko otsailaren 14a

Garabide Elkarteak Hedabideak. Euskararen berreskuratzea III izeneko lana aurkeztu du gaur, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Hizkuntzen berreskuratzean komunikabideek izan dezaketen eragina eta garrantzia aztertu du lanak. DVD-liburua da.

Lana aurkezteaz gain, elkartearen izaera eta bere egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte. Horrekin batera, film dokumental bat eman dute. Etxe honi, Goienari ere egiten zaio erreferentzia dokumentalean.

Egoitza Eskoriatzan duen elkartearen hirugarren lana da gaur aurkeztu dutena, euskararen esperientziaren ikerketa eta sintesia egiteko egitasmoaren barruan. Aurreko lanak Euskararen Berreskuratzea. Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk eta Hizkuntzen estandarizazioa. Euskararen berreskuratzea II izenekoak izan dira.

Hizkuntza gutxituak

Garabide Elkartea euskalgintzaren eta hizkuntza gutxituak dituzten munduko beste komunitateen arteko zubi lana egiteko sortutako elkartea da.

Beste kontinenteetako eragileekin esperientzia-trukean ari dira Garabidekoak eta trukeotan bost lerro azpimarratzen dituzte, beste alor batzuk gutxietsi gabe, estrategiak sortzeko lehen eskema sinple moduan:  

Copusa, hezkuntza, hedabideak, kultur sorkuntza eta familia transmisioa.

"Hedabideen gaia ezinbestean agertzen da euskararen garabideen artean". Eta, aurrera begira ere, "hala izateko itxura du", hitzaurrean Jon Sarasuak komentatzen duen moduan.

"Hedabideak hizkuntzaren bizi-indarra berritzeko ahalegin-lerro nagusietakoa izango dira. Zer egin du euskal komuniitateak hedabideen alor honetan? Hasteko, adi egon. Hamarraldi bakoitzeko aukerei eta beharrei adi egon. Euskaraz egin zitekeena amestu, antolatu eta ekintzara pasa".

 

Gaur goizeko aurkezpenaren bideoa hemen:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak